Ibilbide hau 4 gunetan banatuta egonen da eta gune bakoitzari Baztan bailara osatzen duten kuartelen izena eman zaio. Basaburua, Erberea, Elizondo eta Baztangoiza dira, beraz, guneen izenak.
Baztanerat ailegatzeko argidun seinaleei kasu egin eta trafikoa bideratzen ari diren profesional eta boluntarioen aginduak betetzea gomendatu du Iosune Ortegak, Baztan Ikastolako zuzendariak. Iruñetik Baztanerat abiatuko den trafikoa, Belateko tunelera ailegatu baino lehenago, N121A errepidea utzi eta Belateko mendatetik bideratuko dutela ohartarazi du. Modu horretan, Iruñeko trafikoak eta Gipuzkoakoak (azken hau N121Atik, baina Endarlatsatik etorriko da), ez dute Oronozen bat eginen, eta ez dira auto ilarak sortuko Baztanerat sartzeko. Aurten 3 aparkaleku prestatu dituzte autoendako eta 4. bat autobusendako. Trafikoa jatorriaren arabera antolatuko dute.
Programa edo egitaraua ere prest dute, jarduera eta ekitaldi erakaragarriz betea: Zea Mays eta Oihan Vega, bertzeak bertze, 4. gunean izanen dira; Kalakan lehendabizikoan, Los Zopilotes Txirriaos 2.ean...
Azpimarratzekoen artean hiru gauza: Ikasbira, jendeak ibilbidea egin dezan prestatutako jokoa; Erronka, gazteei zuzendutako ginkana; eta “ Guk euskaraz” ekimena, Urko kantariak zuzenduta eta guztion parte hartzearekin, euskarari kantu eginen dion abesbatza erraldoia.
IKASBIRA joko bat da. Ibilbidea egin dugula frogatzen badugu, sari zozketa batean parte hartuko dugu. Horretarako, “Ikastolen Jaiak” aplikazioa deskargatu eta gero, 4 guneetako sarreretan egonen diren QR kodeak eskaneatu baino ez dugu egin beharko. Behin 4 QR kodeak eskaneatuta, partehartzaileek sari zuzena izanen dute: punta puntako mugikorrak, erlojuak, kamisetak... Opariak 2. guneko banaketa puntuan bildu ahal izanen dira, Nafarroa Oinez egunean bertan. Aplikazioa, QR kodearen bidez, App Storen, Google Playn eta http://ikastolak.batuin.com web gunean eskura daiteke.
ERRONKA, 14-16 urte arteko gazteen eskuhartze aktiboa zein euren arteko lehiaketa osasuntsua bultzatzeko ekimena da. Erronkaren II. edizio honetan, Nafarroako 11 ikastolatako gazteek hartuko dute parte. Lehiaketaren finala, Elizondoko Merkatuzelaian izanen da.
“GUK EUSKARAZ… ZUK ZERGATIK EZ?” ekimenarekin markak hautsi eta euskarari kantatuko dion abesbatzarik handiena osatu nahi dute, Urko kantariaren eskutik, euskararen oihartzuna mundurat zabaltzeko eta gure hizkuntzari hauspoa eta arnasa emateko. Hitzordua 13:30ean da, Erberea gunean.
Bertzetik, otordurako aukera ere ez da faltako; txosnetan bokatak emanen dituzte eta 2. eta 4. gunean taloak ere salgai jarriko dituzte. Horrez gain, 2. gunean Sagardotegia paratuko dute eta 1. gunean paellada izanen da.
Egitaraua
10etan zinta mozketarekin abiatuko da 2015eko Nafarroa Oinez. Ikastolan bertan eginen da inaugurazio ekitaldia.
12etan Omenaldia izanen da, Ikastolan. Bertan, Baztan Ikastolaren ibilbidea hasieratik egin duten 9 irakasleak omenduko dituzte. Ekitaldian bertan lekuko aldaketa eginen da.
Arratsaldeko 5etarako bestaren behinbehineko baliorazioa egitea aurreikusi dute.
Bestaren helburua
Aurtengo Nafarroa Oinezek, euskarari bulkaldia emateaz gain, helburu ekonomikoa ere badu, Ikastolak dituen hainbat behar asetzeko. Haur Hezkuntzako eraikinean, Parkeko Ikastolan, sabaia konpontzeko, zorua aldatzeko eta isolamendua hobetzeko beharra dago. Iastola ingurugiroarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta dago eta isolamendu apropos batek energia kontsumoa gutxitzea ahalbidetuko luke, ezbairik gabe. Horrez gain, parkeko zoruan konponketa lanak egin nahi dituzte. Parkea lohiz betetzen da euria egiten duelarik eta arazo hori konpondu nahi dute.
Bertzetik, lehen hezkuntzako eraikinean, goitiko Ikastolan, patioa estaltzeko eta isolamendua hobetzeko beharra dago.
Baztan Ikastolak 45 urte bete ditu aurten. Igandekoa, bere bigarren Nafarroa Oinez izanen da, 1982koa ikastola berak antolatu baitzuen. Orain arte egindako lan guztiak auzolanean egin ditu ikastola honek eta Nafarroa Oinezen edizio hau euskararen aldeko auzolan erraldoia izatea nahi dute antolatzaileek. Hortaz, igandean Baztanerat hurbiltzeko gonbitea luzatu dute.