Elizondoko Kasinoa da bere egoitza hartzen duen lurraren jabea

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 14a, 10:29

Elizondoko Kasinoko ordezkariak, Epaitegiaren erabakia jakinarazteko prentsaurrea eskaini zuten urriaren 9an.

Balleko Etxeak zalantzan jarria zuen hori, baina Iruñeko Epaitegiak arrazoi eman dio Círculo de la Union elkarteari 

Elizondoko Jaime Urrutia karrikako 18an Kasinoko egoitzak hartzen duen 327 metro koadroko lur eremua Círculo de la Union Kasinoarena dela ebatzi du Iruñeko Lehen Instantziako Epaitegiak. Gisa honetara Kasinoari arrazoi ematen dio, jabetza zalantzan jarria baitzuen Baztango Balleko Etxeak, herriarena izan zitekeela erranez.

 

Sententziaren arabera, Círculo de la Unión elkarteak bere egoitza hartzen duen lur eremua erosi zuen duela 140 urte baino gehiago eta jabetza-titulu guztiak dauzka. Erosketa hau bi unetan egin zela dio sententziak. 1863. urtean, lurraren zatirik handiena erosi zuen, 278,30 metro koadro, Nafarroako Salmenta Batzordeak Desamortizazio Legearen arabera jarritako prezioa ordainduz. Gainerakoa, Balleko Etxeak eman zion 1864an. Honela jakinarazi zuen urriaren 9an eskainitako prentsaurrean Eduardo Zubikoak, Kasino elkarteko presidenteak. Berekin batera, Maria Urteaga idazkaria, Blas de Otazu abokatua eta Tomás Santos bokala izan ziren.

1881. urtean erositako eremu horren gainean eraiki zuten elkartearen eraikina eta ordutik honat bertan dute egoitza. Geroztik, lur eremuarengatik eta eraikinarengatik kontribuzioa ordaindu dutela ere aipatu zuten.

Balleko Etxeak lur eremua herriarena izan zitekeela uste zuen, 1975. urteko bertze agiri batean oinarrituta. Dokumentu honen arabera, Kasinoak hartzen duen lur eremua bere izenean jarri zuen Balleko Etxeak Jabetza Erregistroan. Kasinoko arduradunen erranetan, «ekintza hau ez dago justifikatua eta ulertezina da, ez baizitzaion jakinarazi elkarteari ez inskripzioa egin aitzinetik ezta ondotik ere». Gainera, sententziaren arabera, «inolako lege babesik gabe egin zen» eta hortaz baliogabetzen du 1975eko inskripzio hori.

Kasino Elkarteko arduradunek aipatu zutenez, «lurraren eta eraikinaren gaineko jabetza ziurtatzen duten hainbat eta hainbat agiri aurkeztu dizkiogu Balleko Etxeari, bai elkarteko artxibotik baita Nafarroako Artxibo Orokorretik lortuak, baina hori ez zitzaion nahikoa iruditu Udalari jabetza segurtatzeko, bai ordea Epaitegiari».

Balleko Etxeak elkartearen jabetza onartzen ez zuenez, «epaitegietara joan behar izan dutela» aipatu dute Kasinotik, eta «beharrik, urtebete gehiago pasatuko balitz, 40 urte bete izanen baitziren 1975eko Erregistroan Balleko Etxearen izenean jarri zenetik eta okerra izan arren, errekurritu izan ez balitz, baliotua gelditu izanen litzateke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun