Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektua geldiarazteko sinadura bilketa kanpaina egiten hasi dira

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 9a, 07:34

Lekarozko herriak zein Baztango Batzar Nagusiak egindako eskaerei erantzunez, UGPSa bertan behera gelditzea eskatu dio Gobernuari Aroztegia eta gero zer? Plataformak 

Aroztegia…eta gero zer? Plataformak Lekarozen egin nahi den UGPSari buruz izan diren bileren ondorioak azaltzeko eta hurrengo aste honetan planteatzen duten sinadura bilketaren berri emateko agerraldia egin zuen ortzegun goizean.

Aroztegiko proiektuak, lekaroztarren eta baztandarren etxebizitza beharrak betetzen ez dituen “egitasmo urbanistiko-espekulatzailea” dela aipatu zuten berriz ere. «Aurreko legealdi bukaeran, hauteskunde bezperetan, UPNren gobernuak UGPS-a onartu egin zuen. Nafarroan eredu ekonomiko espekulatzaile eta suntsitzailea bultzatu du azken momentu arte, non gutxiengo baten interesak defenditzen diren herritarren gehiengoaren erabakia defenditu beharrean».

Aroztegia eta gero zer? Plataformak, Sustrai Erakuntzarekin batera aldaketaren aldeko indar politikoekin bilerak egin dituzte azken asteetan eta EH Bildu, Podemos/Ahal Dugu eta Izquierda/Ezkerrak plataformaren planteamenduarekin bat egiten dutela jakinarazi dute, hau da, «Nafarroako Gobernuari UGPSa bertan behera uzteko eskaerarekin eta proiektu berri bat planteatu ezkero tokian tokiko erabakiak errespetatzea». Geroa Baik, aldiz, UGPSa atzera botatzearena irizpide teknikoetan oinarritutako erabakia izanen dela dio eta proiektuaren aldeko jarrera azaldu du. Aroztegia eta gero zer? Plataformaren ustez, «Geroa Bairen kontraesanak nabarmen gelditzen dira Vianan eta Etxabakoitzen UGPSen  eta hirigintza espekulatzailearen aurka agertu den bitartean Aroztegiko kasuan alde agertzen delako. Zein da irizpidea? Kontraesan hauek lotura daukate promotoreen aukera politikoekin? Ez dugu ulertzen».

Baztanen berriz Udalak muzin egin dio Lekarozko Batzarrak egindako eskaerari eta Batzar Nagusiak berriz eskaera bete egin du. Plataformaren erranetan, «lotsagarria izan da Baztango Geroa Baik izan duen jarrera Udalak izan duen iritzia Batzar Nagusiaren gain inposatu nahi izan baitu».

Honengatik, Nafarroako Gobernuari Aroztegiko UGPSa  bertan behera gelditzea eskatzen diote Aroztegia eta gero zer? Plataformatik. «Lekarozko herriak zein Baztango Batzar Nagusiak egindako eskaerei erantzuteko momentua da. Argi dugu hau ez dela erabaki teknikoa, politikoa baizik. Ez dugu onartuko gai honekin aldaketari iruzur egitea, ezta teknikoen atzean ezkutatzea ere», dio plataformaren oharrak.

UGPS hau lehen bai lehen gelditzea eta proiektua berriz aurkeztu ezkero Baztango Udaletik aurkeztea eta herritarren arteko eztabaida soziala abiatzea ere eskatu dute, «inposiziorik gabe eta joko zikinik gabe».

Sinadura bilketa

Aldi berean, Baztandar guztiei dei egiten diete eskaera honekin bat egitera. Horretarako atzotik hasita hurrengo ortzeguna, urriaren 15a arte sinadura bilketa kanpaina abiatuko dute Baztanen. Lan talde bat osatu dute sinadura horiek biltzeko, hauek herri desberdinetan ariko dira sinadurak biltzen. Bertze aldetik sinadura emateko hurrengo ostatuetan ere sinatzeko orriak egonen dira: Erratzuko Zubi-Puntan, Arizkungo Taskan, Elizondoko Intza Tabernan, Lekarozko Hiru-Itturri Ostatuan eta Oronoz-Mugairiko Ongi-Etorrin.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun