Nafarroa Oinez 2015

Nafarroako 12 ikastolatako gazteek proba ezberdinak eginen dituzte Oinez Erronkan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 21a, 08:29

Oinez erronkaren aurkezpenean, ikastolako ordezkariak, Juan Gorriti eskultorea eta Oier Sanjurjo eta June Kintana kirolariak.

Juan Gorriti eskultorearen lekukoa izanen da aurtengo berrikuntza

Nafarroa Oinezek Erronka 2015 gazteei zuzendutako ekimena aurkeztu zuen irailaren 18an Kondestablearen Jauregian, Iruñean. Bertan, Elena Zabaleta Baztan Ikastolako lehendakariarekin eta Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera, Juanito Gorriti Erronkalekukoaren egile den eskultorea eta Oier Sanjurjo eta June Kintana kirolariak izan dira.

Erronka Ikastolen Elkarteak sortutako gazteendako herrialdekako lehiaketa bat da. Bere helburua, Nafarroa Oinez egunean ez ezik, Hego Euskal Herriko ikastolen gainerako bestetan ere 14 eta 16 urte arteko gazteen eskuhartze aktiboa zein euren arteko lehiaketa osasuntsua bultzatzea da.

Erronkaren bigarren edizioa eginen da aurten Baztan Ikastolak antolatuta ospatuko den Nafarroa Oinezan, Elizondon, urriaren 18an. Nafarroako 12 ikastolatako gazteek hartuko dute parte aurtengo Erronkan. Talde bakoitzak 8 kide izanen ditu: 4 neska eta 4 mutiko, eta bi kapitain: taldeko partaide bat eta dagokion ikastolako irakasle bat. Taldeen osaketan bezala, hemen ere genero berdintasunaren alde egin da; ondorioz, kapitaintza emakume batek eta gizon batek konpartitu beharko dute. Talde bakoitzak, gainera, bandera propioa izanen du, Nafarroa Oinez egunean ikuslegoak talde ezberdinak erraz identifika ditzan.

Taldeek Erronkan gainditu beharko dituzten probak bizi eta zirraragarriak izanen dira: batetik, ikasleen abilezia, indarra eta abiadura neurtuko dituzte, eta bertzetik, buruargitasuna, jakintza orokorra eta euskaltzaletasuna. Probak Nafarroa Oinez egunerako egokituko diren lau guneetan gauzatuko dira, bestan parte hartzen dutenendako ikusgai izanik. Lehiaketaren finalak, bere aldetik, Txokoton abiatu eta Elizondoko Merkatuzelaian izanen du akabera.

Sariei dagokienez, talde txapeldunak Euskaltel telekomunikazio operadorearen babesletzari esker 1.000euro eta 12 tablet eskuratuko ditu, bigarren suertatzen den taldeak 600 euro eta hirugarrenak 400 euro. Dirua, beti ere, ikas bidaiara bideratuko da. Gainera, partaide guztiei kamisetak eta Oinez material sorta emanen zaizkie.

 

Berrikuntzak

Bi berrikuntza nagusi ditu aurtengo edizioak:

Batetik, Juanito Gorriti eskultoreak sortu duen “Erronkalekukoa”, irabazleendako saria

izanen dena. Eskultura honek bi egur mota uztartzen ditu: haritza eta hagina. Artelanak Euskal Herriko baserririk zaharrenean du jatorria, 1450. urtean Oñatin zegoen baserri bateko pieza baita. Baserriak su hartu zuen, baina egur hori ez zen erre. Gainera, lurrari lotutako eskultura da, izan ere lurretik sortua da, duela 2000 urte baino gehiago ereindako ezkur bati esker. Erronkalekuko honekin berreskuratzearen garrantzia eta bigarren aukeren erreferentzia azpimarratu nahi izan ditu eskultoreak.

Gure ama hizkuntza, euskara, bezala altxor zaharra den lekuko hau urtetik urtera Ikastolaz ikastola pasatuko da, eta gazteek zaindu beharko dute, euskaraz ikasiz, mintzatuz eta maitatuz. Aurtengo edizioa irabazten duen taldeak lekukoa bere ikastolara eramanen du, eta bertan izanen du 2016ko Nafarroa Oinezeko Erronkan bertze talderen batek eskuratu artio.

Bigarren berrikuntza Erronkaren baitan antolatutako Rural Kutxa Bideo Lehiaketa da, Euskaltelekin batean Rural Kutxak berak babesten duena. Ikastola bakoitzak bere taldea aurkezteko bideo bat grabatu du eta iraila hondarrean bideo hauek online bozkatzeko aukera izanen da www.erronka.eus webgunean. Puntu gehien lortzen dituzten 3 bideoen egileek Oinez egunean bertan saria eskuratuko dute. Bideoa sortzea, beraz, Erronka 2015eko lehen proba izan da, ezinbertzean gauzatu behar izan dena, eta talde bakoitzari ranking orokorrerako hasmentako puntuazio bat eman diona.

 

Erlazionatuak

Josu Reparaz-NIEko ordezkaria

Xorroxin irratia 2015 ira 21 Baztan

Juanito Gorriti-eskultorea

Xorroxin irratia 2015 ira 21 Baztan

Oier Sanjurjo-Osasunako jokalaria

Xorroxin irratia 2015 ira 21 Baztan

June Kintana-Disko jaurtitzailea

Xorroxin irratia 2015 ira 21 Baztan

Erronka ekimena Nafarroa Oinezen

Xorroxin irratia 2015 ira 24 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun