Euskal Herrialdeen arteko herri kirol txapelketa larunbatean jokatuko da Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko ira. 18a, 07:38

2009an Donezteben jokatu zen Herrialdeen arteko txapelketan Nafarroa suertatu zen txapeldun.

Nafarroako ordezkaritzan eskualdeko hainbat kirolari ariko dira

Euskal Herrialdeen arteko herri kirol txapelketa irailaren 19an, larunbat arratsaldeko 5etatik aitzinera jokatuko da Elizondoko Laxoa plazan edo, euria eginen balu, Baztan pilotalekuan. Herri kirolen olinpiada honetan, Euskal Herriko herrialde gehienek parte hartuko dute, hamar herri kiroletan. Sarrera, 5 euro ordaindu beharko da.

 

Sokatiran, 640 kiloko kategorian lehiatuko dira eta Lesakako Beti Gazte izanen da Nafarroako ordezkaria; lokotx biltzen, 1,25 metrora jarritako 50 lokotx bildu beharko dituzte (Berriozarko Eder Goldarazena ariko da); ingude altxatzean, 18 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dizkiote minutu eta erdian (Josetxo Urrutia leitzarra); lasto altxatzen, 45 kiloko lasto-fardoa ahalik eta gehien altxatu beharko dute bi minutuz (Amaiurko Iñigo Goienetxe); harrijasotzean, 100 kiloko harria ahalik eta gehien altxatu beharko dute bi minutuz (Xabier Ariztegi Santxin etxalartarra ariko da); txinga-eruten 50 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egin beharko dituzte (Miguel Angel Sukuntza leitzarra); orga jokoan ahalik eta bira gehien eman gurdiari (Iruñeko Albaro Zugarrondo); zaku lasteketan, 80 kiloko zakuarekin 360 metro eginen dituzte hiru kirolarik txandaka (Berriozarko Oier Aizkorbe, Oskar Aguas eta Carlos Santamaria); trontzan, etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar ebaketa eman beharko dizkiote (Ultzamako Mikel Eugi eta Julen Kañamares) eta aizkoran 45 ontzako lau enbor moztu beharko dituzte (Donato Larretxea aranztarra izanen da Nafarroako ordezkaria).

XXI. mendeko lehen hamarkadan zazpi txapelketa segidan irabazi zituen Nafarroak, azkenekoa 2010ean. Geroztik, azken urteetan Bizkaia eta Gipuzkoa izan dira nagusi, baina Nafarroa ere hurbilean izan dute. Eskualdean, 2002an Beran eta 2009an Donezteben egin zen txapelketa eta bietan Nafarroa suertatu zen txapeldun. Ikusi behar larunbatean Elizondok ere suertea ematen dion Nafarroako herri kirol ordezkaritzari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun