Nafarroa Oinez 2015

Nafarroa Oinez 2015eko programa eta prestaketen berri izan du Uxue Barkos lehendakariak

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 16a, 09:01

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek eta Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendozak Ikastolen Federazioko ordezkaritza bat hartu zuten. Tartean, Iosune Ortega eta Elena Zabaleta, Baztan ikastolako zuzendaria

Nafarroako ikastolen besta handia Elizondon ospatuko da urriaren 18an eta azken prestaketetan buru-belarri dabil Baztan Ikastola

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek eta Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendozak Ikastolen Federazioko ordezkaritza bat hartu zuten irailaren 15ean, eta ordezkari horiek datorren Nafarroa Oinezen 35. ediziorako gonbidapenak eman dizkiete. Baztan ikastolak antolatutako jaia urriaren 18an eginen da, Elizondon.

Nafarroako Ikastolen Federazioaren aldetik honako hauek izan dira: federazioko lehendakari Pello Irujo; Baztan ikastolako lehendakari Elena Zabaleta; federazioko kide Josu Reparaz, eta Baztan ikastolako zuzendari Iosune Ortega.

Baztan ikastola 1970ean jaio zen guraso-talde baten ekimenez, euskarazko irakaskuntza bermatzeko helburuarekin. Gaur egun, Nafarroako Ikastolen Federazioan dauden 15 ikastoletako bat da eta, aldi berean, Baztango herrien 15 landa-eskoletako bat; izan ere, 1983an, bere lehen Nafarroa Oinez ospatu ondoren, udal-mailako bihurtu zen, eta udalaren eraikinetan hasi zen eskolak ematen. Bi eraikin ditu: lehena Haur Hezkuntzako ikasleentzat, eta bertzea, Lehen Hezkuntzakoentzat.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun