Lehenengo mendigoizaleak goizeko 7etan abiatu ziren oinez. Guztira 470 lagunek heldu zioten Baztan eta Aldude mendietan zehar antolatutako ibilaldiari. Ibiltariek, ibilbide luzeaz gain, 23kmko ibilaldi ttipia ere izan zuten aukeran. Lastekariek berriz, 300 denera, goizeko 9etan ekin zioten 27kmko korrikaldiari. Aipatzekoa da kirolarien artean, Baigorri, Ortzaize, Lesaka, Bera, Altsasu, Lodosa, Tafalla eta Baztan ikastoletako zenbait ordezkari binaka lasterka aritu zirela.
Mendizaleak mendi gainetan zeuden bitartean, etxeko lasterkari ttipiek hartu zituzten Elizondoko karrikak. Ehun haur eta gaztetxo inguruk adinka antolatutako lasterketatan parte hartu zuten. Zangotxo, Nafarroa Oinezeko maskota ere beraiekin lasterka ikusi dugu, bizkor eta kontent.
Goizeko 11etatik aitzin, tantaka- tantaka helmugara iritsiz joan ziren parte-hartzaileak ikusleen txalo zaparrada artean. Ibilbidea oinez burutu zuen lehenbiziko gizonezkoa Oskar Torres izan zen eta lehenbiziko emakumea Kontxi Bikondoa. Laisterka aritu diren mutilen artean aldiz, Jokin Lizeaga, Iban Letamendi eta Iker Carrera gailendu ziren hurrenez hurren eta nesken artean, lehendabizi Mónica Telletxea helmugaratu zen eta ondotik, Irene Guembe eta Rafaella Ciavola iritsi ziren.
Goiz eder eta hunkigarriari akabaila emateko, 600 lagun bildu ziren Elizondoko Merkatuzelaian bazkaltzeko eta ondotik sari banaketa burutu zen giro paregabean.
Larunbatean adituekin solasaldiak
Abuztuaren 29an, probaren bezperan, Arizkunenea Kultur Etxean hitzaldiak antolatu zituzten. Jon
Garraus adituak elikadura eta hidratazioaren inguruko aholkuak eman zituen eta Jokin Lizeagak, mendi lasterketan prestatzaile fisikoa, eta Iñigo Mugikak, lehiaketa aitzineko zorrozketan aditu, solasaldi interesgarriak eskaini zituzten igande honetan burutu berri den probari begira.