Emakumeen Mundu Martxa Baztanera ailegatuko da irailaren 29an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko uzt. 16a, 07:28

Emakumeen Mundu Martxaren aurkezpena egin dute Elizondon.

Baztandarren Biltzarra egunean karrikan egonen dira eta atxikimendua emateko aukera eskainiko dute ‘fotokool’ baten bidez

2015eko martxoaren 8an Kurdintasunen hasi eta urriaren 17an Portugalera iritsiko den Emakumeen Mundu Martxa karabana feminista Euskal Herrian izanen da irailaren 28tik urriaren 4a arte. Euskal Herriko zazpi herrialdetako herri ezberdinak zeharkatuko ditu, horien artean Baztan, irailaren 29ko arratsaldean.

 

Ekimen honen aurkezpena egin dute Baztanen. Bertan aipatu zutenez, aurtengoa Emakumeen Munduko Martxaren bosgarren edizioa da. 1995ean sortu zen Quebec-en eta urte hartan, «15.000 emakume elkartu ziren, ogia eta larrora deituriko martxa batean». Izandako arrakasta ikusita, bortz urte beranduagoa egin zen bigarrena, mundu mailan. Geroztik, 5 urtero egiten da eta 2005ean lehen aldiz pasa zen Euskal Herritik eta atxikimendu pila jaso zituen.

2015eko martxa, Gure gorputzak, gure lurraldeak. Martxarekin segituko dugu guztiok libre izan arte lemapean  burutzen ari da.  Honekin, “emakumeok bizi ditugun indarkeria mota anitzak ikustarazi, salatu eta horren erantzuleak identifikatu nahi ditugu”.

2015eko emakumeen mundu martxaren ikur amankomuna haziak dira, elikadura burujabetzaren aldeko borroka gogoan. «Hori dela eta, –aipatu zuten emakumeek– martxarekin bat egiteko eta atxikimendua adierazteko ereite sinbolikoak egitea proposatzen dugu, norbanakoak edo taldetakoak. Eremu pribatu edo/eta publikoetan. Erein dezagun hazia eta sortu ditzagun baso feministak gure herrietan!».

Akitzeko, Euskal Herriko emakumeen mundu martxaren izenean, udan zehar eta martxa etorri  arte eginen diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu dute. Erraterako, Baztandarren Biltzarra egunean, karrikan egonen dira, eta bertan fotokool baten bidez, atxikimendua emateko aukera izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun