Dispertsioaren kontrako hileroko hitzordua Elizondon eginen dute ortziralean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko ekainaren 10a

Algeciraseko kartzelaraino dauden 1.200 kilometroak irudikatuko dituzte pedalei eraginez

Dispertsioaren kontrako hitzorduek aitzinera segitzen dute "Baztango herriek ere dispertsioari ez!" kanpainaren baitan. Hurrengoa Elizondon izanen da, ekainaren 12an, ortziral arratsaldeko 7etatik aitzinera Elizondoko plazan. Kasu honetan, Joxe Miel Gaztelu elizondarra espetxeratua dagoen Algeciraseko kartzelaraino dauden 1.200 kilometroak irudikatuko dituzte bizikleta batzuen pedalei eraginez. 

Taldeka eta txandaka, 1.200 kilometro eginen dituzte lau bizikleta estatikoetan, elkartasunari bide emateko. Ekitaldiak iraunen duen denboran dispertsioaren liburuxka eskuratzeko aukera izanen da eta musika eta bertze sorpresa zenbait izanen dira.

Urtarrilean, Erratzun, Gari Garaialde argazkilariak "Zu ikusteko bidean" izeneko lana aurkeztu zuen, ondoren Baztango preso politikoen familiarrek beren bizipenak kontatu zizkiguten eta elkarretaratze bat egin zen.

Otsailean, Arraiozen, Etxarri-Aranatzeko Sarek egindako "Urruti vs gertu" dokumentala eman zen eta Iñaki Errok eta Xotero Etxandik espetxeari buruzko solasaldia eman zuten.

Martxoko hitzordua Anizen izan zen eta, Ibon Iparragirre presoaren osasun egoera kezkagarria dela eta, espetxearen ondorioak jorratu ziren solasaldi formatuan. Batetik "Iparra galdu barik" plataformako kide bat etorri zen eta bertzetik "Jaiki hadi" taldeko Mikel Urra medikua.

Apirilean Arizkunen, Arizkungo gazteekin elkarlanean, dispertsioaren kontrako mus tximista antolatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun