Palacio de Arozteguía, S.L enpresak sustatutako proiektua, 45 hektareako eremuan garatzen da, eta bereizitako hiru eremu egitea proposatzen du: kirol, hotel eta etxebizitzetarako.
Kirol-eremuaren barnean, bederatzi zulotako golf-zelai bat sartzen da, praktiketako zelai bat, gol-eskola bat eta lorezaintzako beste bat, haiei lotutako instalazioekin.
Hotel-eremua erdigunetzat jotzen da, eta golf-zelaiko partzela batean kokatzen da. 4 izarreko hotel-bainuetxe bat izango du, 135 gelekin, kalitate handiko jatetxearekin eta ekitaldiak egiteko espazioarekin.
Etxebizitzetarako eremua bereizitako hiru aldetan gartzen da ipar-mendebalde, ipar-ekialde eta hego-ekialdeko izkinetan: 228 etxebizitza, guztira, familia bakarrekoak, binakakoak eta etxebizitza kolektiboen blokeak.
Nafarroako Gobernuaren idatziaren arabera, ingurumena eta kultur ingurunea errespetatuz eginen dute, PSISa ingurua zeharkatzen duten ubideak integratuz eta Lekaroz nahiz Elizondoko herriguneen arteko oinezko-txirrindularien lotura ziurtatuko du, bai eta Lekarozko Enpresa Canpusekoa ere.
Kontrako jarrera
Baina Baztanen denak ez dira iritzi berekoak, noski. Udal Gobernu Taldeak Udalaren autonomiaren aurkako eraso larria dela uste du, gaur goizean egindako prentsaurrekoan agertu duenez. Bilduk eta Ezkerrak diote «hau ez dela proiektu turistiko bat, proiektu urbanistiko espekulatzaile bat baizik. Baztango Udalak erran du behin baino gehiagotan proiektu turistikoa babesten duela, hau da, hotela eta golfa etxebizitzik gabe, baina ez enpresak ez Nafarroako Gobernuak ez du interesik honetan». Udal Gobernuaren erranetan, «2008an UPNren Nafarroako Gobernuak berak txosten baten bitartez gibelerat bota zuen proiektu bera UGPSa bezala tramitatzea. 2009an ohiko tramitazioaren bitartez, hau da, udal planaren modifikazioaren bitartez bideratu ondoren proiektua atzera bota zen legez kanpokoa izategatik». Baztango Udalak herritarren interesak defendituko dituela jakinarazi diete «UPNri eta eredu hau defenditzen duen Geroa Bairi, beren lagunen interesen gainetik. Dakiten bezala UGPS hau onartzea lege iruzurra da eta horrela defendituko dugu epaitegietan. Nafarroako Gobernua hauteskunde bezperan beren azken faboreak egiten ari da beren lagunentzat diru publikoarekin emandako miloietako indemnizazioak bermatu nahian Geroa Bairen babesa eta konplizitatearekin».
Aroztegia eta gero zer? Plataformak bere aldetik, proiektua gelditzea eskatu du. «PSISarekin lur ez urbanizagarria, urbanizagarri bezala birkalifikatu eta lur horien balioa, kolpe batez, ikaragarri handitu dute. Aroztegiakoa urte guzti hauetan ezagutu ditugun pelotazo urbanistikoak bezalakoa da; jokaldi espekulatzailea; oraingo krisirat, oraingo ustelkeria pazinerat ekarri gaituen jokabide eta eredu ekonomikoa» diote. Lekarozko herria herri galdeketa bidez proiektuaren kontra agertu zen eta Baztango Udalak ere «900 pertsonako herri berriari ezetz erran dio». Nafarroako Gobernuak onartu duena onartezina da Plataformaren ustez, «alta, herritarrek jakin behar dute Aroztegiako proiektu burugabea gelditzeko borrokak segitzen duela eta ondoko pausua, administrazioarekiko auzi epaitegirat jotzea izanen dela».