Iruritako Jagoba Ramosek irabazi du Berroetako argazki lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 28a, 09:07
Jagoba Ramosen "Ilunabarra" argazkia suertatu da garaile Berroetan.

Giro bikaina izan dute Berroetan Asteburu Kulturalean

Apirileko hondar asteburuan Asteburu Kulturala ospatu dute Berroetan eta bigarren aldiz egin duten argazki lehiaketako saridunak ere jakinarazi dituzte. Lehen saria (bi pertsonendako afaria) Iruritako Jagoba Ramosek Eskuratu du, Ilunabarra izeneko argazkiarekin eta bigarren saria (bertako produktuen xorta) Maialen Iantzi berroetarrak eskuratu du Urleiko kaxkoan zakurra lanarekin.

 

Argazki irabazleak Ireperritik eguzkia izkutatzen zen bitartean ikusitako itzalak agertzen ditu. Itsusi Argazki Elkarteko kideek eta herritar batek osatutako epaimahaiak argazki hau saritu du erakusten duen bizitasuna eta lortutako argi kontraste ikusgarriengatik. Orotara 38 argazki aurkeztu dira eta epaimahaia kontent agertu da argazkien kalitate eta barietatearengatik.

Baina argazki lehiaketako sariak banatzeaz eta lanak erakusteaz gain, bertze hainbat ekitaldi egin zituzten Berroetan.

Larunbateko Euskal kantu afarian 60 bat pertsona bildu ziren eta giro bikaina sortu zen, Salaberri kantariarekin batera. Igandean, bestondorik ez zeukatenak mendi ibilaldia egiteko elkartu ziren, Berroetako paisai ezkutuen bila eta Oinez Gailurraren ikurra agertu zuten. Ikusi argazkiak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun