Nafarroa Oinez 2015

Euskara zeruraino ailegatu da Izarpean Oinez saioan

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 20a, 08:37

Miren Karmele Gonez eta Jorgito&Iturria taldekideak, Iruñeko Planetarioan.

Ortziralean egin zuten Iruñeko Planetarioan

2015eko Nafarroa Oinezen programazioari jarraiki, ortzirale honetan “Izarpean Oinez” ikuskizuna eskaini du Iruñeko Planetarioak. Zuzeneko musikaz lagundurik udaberriko zeruko astro eta konstelaziorik nabarmenenak ikasteko aukera eman du saioak. Bertan izan dira, bertzeak bertze, Pello Irujo, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Presidentea, Elena Zabaleta, Baztan Ikastolako Lehendakaria, Iosune Ortega, Baztan Ikastolako Zuzendaria eta Miren Karmele Gomez, Planetarioko ordezkaria.

Planetarioko gelarik berezienean eskaini dute “Izarpean Oinez” ikuskizuna, Tornamira aretoan zehazki. Emanaldi hasieran, areto erdialdean dagoen izarproiektagailua ezkutaturik zegoen, eta pixkanaka atera denean, ezustea eta harridura piztu du ikusleengan. Izan ere, izarproiektagailua robot bat da eta honek munduko edozein tokiko eta garaiko zerua erakusteko gaitasuna du. Gauzak horrela, robotari ortzirale honetako data, 2015eko apirilaren 17koa, eman eta honek, denbora aitzinatuta, momentu horretako zeruko irudiaz gozatzeko aukera eman die ikusleei.

Miren Karmele Gomezek eman ditu argibideak: Urtaroen azalpena egin du, eguzkia urteko sasoiaren arabera zerumugan altuago edo baxuago ikusteko arrazoiak argitu ditu... Udaberriko zeruari musika “atmosferikoa” “Jorgito&Iturria gitarra hegalariak” taldeak paratu dio.

Izarpean Oinez emanaldira hurbildutakoek, eguneroko presa, estresa...alde batera utzi eta zerura begirada goitituz, zeruaren dizdiraz gozatzeko aukera izan dute, bai Planetario barrenean, baita kanpoan ere; saioa akituta Iparrizarra bilatzen saiatu dira aunitz.

Sorpresa ttipi bat

Iruñeko Planetarioa eta Nafarroako Ikastolen Elkartea pelikula bat prestatzen ari dira. Euskarazko ekoizpena izanen da eta datorren ikasturteko Izareskolaren programazioan txertatuko da. Marrazki bizidun pelikula izanen da,euskal mitologia eta astronomia batuko dituena ipuin batean. Estreinaldia Nafarroa Oinez bestarekin batera eginen da, 2015eko udazkenean. Beraz...erne egon!

«Euskaraz lurrean eta zeruan...gure hizkuntza goitienera eramanen dugu!!!» diote Oinezetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun