Izarpean Oinez Ikuskizun musikatua izanen da Iruñeko Planetarioan apirilaren 17an, ortziralean. Udaberriko zerua euskaraz ezagutzeko aukera emanen du eta Miren Karmele Gomez elizondarraren hitzek eta "Jorgito&iturria gitarra hegalarien" musikak girotuko dute.
Emanaldia euskaraz izanen da eta jende helduari zuzenduta egonen da, ortziral arratsaldeko 7etan hasita Iruñeko Tornamora aretoan. Aretoa bete arte sarrera debalde izanen da. Gonbidapenak egunean berean 18:00etatik aitzinera hartu ahal izanen dira Planetarioan bertan, 4 gonbidapen pertsona bakoitzeko.
Oinezetik diotenez, «Astelehena, asteartea, asteazkena, ortzeguna, ortziralea, larunbata, igandea… eta berriz hastera! Horrela pasatzen ditugu egunak, asteak eta hilabeteak… Egunerokotasunean murgildurik bizi gara, harat-honat, tarrapataka, agendak markatzen dizkigun betebeharrak txintxo betez, eta nahi baino denbora gehiago pasatzen dugu mugikorrari begira, makurtuta, begirada beheitirantz zuzenduta inguruan pasatzen denari kasu egin gabe… Geldialdi ttipi bat egitera gonbidatu nahi zaituztegu: har dezagun tartetxo bat…. goitirat begira paratzeko!».