Nafarroa Oinez 2015

Baztango paisaia margolarien inspirazio iturri izanen da Arte Oinez egitasmoan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko api. 13a, 06:57

Maria Teresa Lasheras, Pello Irujo, Elena Zabaleta eta Nuria Idoate, Artea Oinez egitasmoaren aurkezpenean.

Jose Mari Apezetxea, Euskal Herriko margolari garaikideen artean ikur 

Artea Oinez 2015 egitasmoaren aurkezpena egin da gaur goizean Iruñean. Artea Oinez Nafarroa Oinezen baitan antolatutako ekimen garrantzitsuenetakoa da. Baztan Ikastolak antolatuko du aurten Nafarroako Ikastolen besta, urriaren 18an Elizondon, eta bide horretan bertze urrats bat da gaur aurkeztutako erakusketa. Aurkezpen ekitaldian Maria Teresa Lasheras, Iruñeko Udaleko kultur alorreko zuzendaria, Pello Irujo, NIEko lehendakaria, Elena Zabaleta, Baztan Ikastolako lehendakaria, eta Nuria Idoate, Artea Oinezko ordezkaria, izan dira.

 

Artea Oinez 2015 egitasmoaren aurkezpena egin da gaur goizean Iruñean. Artea Oinez Nafarroa Oinezen baitan antolatutako ekimen garrantzitsuenetakoa da. Baztan Ikastolak antolatuko du aurten Nafarroako Ikastolen besta, urriaren 18an Elizondon, eta bide horretan bertze urrats bat da gaur aurkeztutako erakusketa. Aurkezpen ekitaldian Maria Teresa Lasheras, Iruñeko Udaleko kultur alorreko zuzendaria, Pello Irujo, NIEko lehendakaria, Elena Zabaleta, Baztan Ikastolako lehendakaria, eta Nuria Idoate, Artea Oinezko ordezkaria, izan dira.

Artea Oinez erakusketa ibiltariak oraingo arte-mugimenduan onarpena duten artisten lanak biltzen ditu: margoak, serigrafiak eta grabatuak, eskulturak, argazkiak,... ARTEA forma eta kolore guztietan. Orotara, 59 artistaren lanak, begien gozagarri. Baztango artisten eta kanpokoen lanak bat eginda, "Baztan, barrenetik kanporat".

Baztanen sortutako erakusketa izanik, margolaritzak garrantzi berezia du aurtengo Artea Oinezen. Baztango bazterrak eta paisaiak artista anitzen inspirazio iturri izan dira urteak joan eta urteak etorri. Baztango belai berdeak hori bilakatzen dira uda aldean eta gorrixkak zuhaitzen hostoak udazkenean. Baztango zerua bera ere berezia da, ez da urdina, morea baizik.

XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, Bidasoako Margolarien Taldea eratu zen. Bertako partaide izan ziren ospe handiko margolariak: Javier Ciga, Marcelino Bañales, Ignacio Echandi, Francisco Echenique, Ismael Fidalgo, Menchu Gal,... Eta haien taldekoa Jose Mari Apezetxea erratzuarra ere. Javier Cigaren ikaslea izan zen Apezetxea eta Fidalgorekin tailerra paratu zuen Elizondon. Haiekin arituko zen Ana Mari Marin margolari elizondarra ere. Hirurek Baztango Margolariak taldearen muina osatuko zuten.

Baztan margolarien inspirazio iturri ez ezik margolarien sorterri ere badelako. Artista baztandarren zerrenda ez da makala: Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin, Tomas Sobrino, Kepa Arizmendi, Begoña Durruti,... Margolaritza bizirik dago!

 

Jose Mari Apezetxea. Lehenbizi ikasle, gero maisu

Jose Mari Apezetxea Erratzun sortu zen, 1927. urtean, eta oraindik margotzen segitzen du. Haren lanak errelitata du oinarri, baina lizentzia hartuta abstrakziora eramaten du begiekin ikusitakoa eta bihotzarekin sentitutakoa.

Bodegoi eta erretrato gutxi batzuk margotu baditu ere, paisaia da Apezetxearen koadroetan agertzen dena: Baztango paisaia.

Euskal margolarien artean nortasun berezia eta ibilbide luzea du Apezetxeak eta hori guztia aintzat hartu nahi du aurtengo Artea Oinezek: «Etxean ditugu eredua, kemena eta ohorea. Jose Mari Apezetxea omenduko du aurtengo edizioak, hark urte luzez erakutsitako edertasunaren ondainez. Keinu ttipia da gurea, berak emandakoaren guztiaren aldean».

Horrez gain, balio pedagogikoa eman nahi diote ekimenari eta, apirilaren 18an, bisita gidatua eginen du Pello Fernandez Artearen Historiaren irakasle eta Ciga Fundazioko idazkariak,19:00etan.

Maiatzaren 3ra artio Iruñeko Gotorlekuko Armen aretoko ganbaran egonen da erakusketa zabalik eta bertan salgai artista guztien arte-lanekin egindako katalogoa ere bai, etxean zein kalean Artea Oinez gozatzeko.

Erlazionatuak

Pello Irujo-NIEko lehendakaria

Xorroxin irratia 2015 api 13 Baztan

Nuria Idoate-Artea Oinezko arduraduna

Xorroxin irratia 2015 api 13 Baztan

Baztan Barrenetik Kanporat

Xorroxin irratia 2015 api 14 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun