Nafarroa Oinez 2015

Euskara eta kaxubiera, bi hizkuntza gutxituen handitasunaren erakusgarri

Ttipi-Ttapa 2015ko mar. 24a, 09:46

Kaxubieraz aritzen den Poloniako irrati bateko arduradunak Baztanerat etorriko dira

Aurten Baztan Ikastolak antolatuko du Nafarroa Oinez 2015 eta antolakuntzan buru belarri dabiltza. Nafarroa Oinezaren baitan hainbat egitasmo jorratzen dira urtean zehar. Horietako bat Txikiak Handi da http://txikiakhandi.eus/ hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzen duen egitasmoa alegia. (Txikiak bai, baina ez eskaxak). Aurten Kaxubiarrekin elkarlanean dabiltza. Kaxubia Poloniako iparraldean dago, Baltiko itsasoaren kostaldean, eta kaxubiarrak 240.000 inguru dira. Haien ama hizkuntzaren egoera kaxkarra da eta euskarak azken hamarkada hauetan egindako bidea dute oinarri berreskuratze prozesuan.

Maialen Sobrino baztandarra Polonian lanean ari da, unibertsitatean euskara klaseak ematen; eta berak egin zuen Kaxubiarrekin kontaktua. Maialen Txikiak Handi batzordean lanean dabil, baina Poloniatik, noski. Kaxubiarrak arras mugituak dira, beraien hizkuntza eta kulturaren defendatzaile sutsuak. Gdansk izena duen hirian irratia dute, kaxubieraz lan egiten duen komunikabide bakarra, baina indartsua. Irrati horretako arduradunak, hain zuzen ere, Nafarroa bisitatzen izanen ditugu martxoaren 28tik apirilaren 1era.

Baztanera bixitan

Martxoaren 29an Bilbon izanen dira Korrikaren bestan eta gero, martxoaren 30ean, Elizondorat etorriko dira. Goizean Xorroxin Irratia ezagutu eta elkarrizketa eginen dute, harrera eginen diete Baztan Ikastolan eta arratsaldean, Baztango Museoa bisitatu ondotik, ekintza polita eta berezia eginen dute beraiekin, lehen urratseko lehen klasea jasoko dute Suinki Euskaltegian, euskarazko lehen solasak ikasteko.

Martxoaren 31n Iruñera joanen dira eta apirilaren 1ean, berriz ere Baztanera bueltan, Amaiurko gaztelua bisitatuko dute, Oinez denda ezagutu eta agur afaria eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun