Nafarroa Oinez 2015

Haur eta Gaztetxoen Kantari Jaialdi jendetsua burutu zen martxoaren 21ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2015ko mar. 23a, 09:54

Baztan Ikastolako kantariek bereziki larunbateko saiorako prestatutako abestia kantatu zuten.

Oinez Kantarien Jaialdian hamahiru taldek, bi bikotek eta bakarlari batek parte hartu zuten, 150 abeslari inguruk

500tik goiti kantari, musikari eta kantuzale bildu ziren martxoaren 21ean, larunbat arratsaldean Elizondoko Lur aretoan izan zen Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdian.

500tik goiti kantari, musikari eta kantuzale bildu ziren martxoaren 21ean, larunbat arratsaldean Elizondoko Lur aretoan izan zen Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien Jaialdian.

 

Pasa den martxoaren 14an estreinatu zen aurtengo edizioa Lakuntzan, eta larunbatekoa bigarren jaialdia izan zen. Euskal Kantuzaleen Elkartearen izenean Amaia Dominguezek, Tafallako Ikastolako musika irakasleak, eta Nafarroa Oinezko antolakuntzak elkarlanean aitzinerat eramandako ekimena izan da. Izan ere, Nafarroa Oinez ospatzen den herrian, jaialdi bat egin ohi da urtero.

 

Emanaldi bizia eta anitza izan zen Elizondokoa. Baztan, Malerreka, Bertizarana, Goizueta eta Eugiko haur eta gaztetxo kantarien hamahiru taldek, bi bikotek eta bakarlari bakarrak hamazazpi kanta taularatu zituzten.

Taldeei dagokienez, hauek izan ziren: Baztan Ikastolako “Marrazoak”; Baztango Musika Eskolatik kantari gaztetxoen lau talde; Doneztebeko San Migel ikastetxeko gaztetxoen taldea; Sunbillako Eskolako haur eta gaztetxoen talde bana, eta Mendaur TrikitixaPandero Eskolatik “Udaberriko loreak” “Mugituak”, ”Baztango bihurrik”, “Ausartak” eta “Baztango bitxiak” taldeak aurkeztu ziren.

Bikoteen sailean, Goizuetako Janire Urdanpilleta eta Naroa Zugarramurdik osatutakoa batetik, eta bertzetik, Saioa eta Oihane Ventura ahizpa eugiarrak izan ziren. Enara Arregi Otegi azpilkuetarrak, berriz, bakarlari gisa parte hartu zuen.

 

Kantutegian erreparatuz , aspaldiko kantak, sormenezkoak, gaurgaurkoak… Bertsioak nola euskarara egokituak… Artelan politak eta entzumenarendako gozagarri direnak eskaini zituzten emanaldian. Eta nola ez, interpretazio lanak, koreografiak ere ikusi ahal izan ziren. Klasikoen sailean, “ Aberriaren mugak” kantua hiru talderen eskutik entzun ahal izan zen; Itoizen “Lau teilatu” kantak ere ez zuen hutsik egin; Zaldiboboren “Kolore kolore” edo “Haurrak ikas zazue” eta “Ameriketara joan nintzen” kantak ere entzun ahal izan ziren.

Gaurgaurko musikari eta taldeen kantak eta bertsioak ere gozatu ahal izan ditugu;

Vendettaren “Begietara begira”; Sugan taldearen “Zarena zarelako”; Ken Zazpiren “Haizea”; Zea Maysen “Negua”; Demode Quarten “Ilargia”; Esne Zopaken “Iturbideren panderoa”; Tximeleta taldearen “ Etxerat” edota El Tol Sarmientoren “Aurkitu genituen” euskarazko bertsioa.

Sormenezko kantuetan, Baztan Ikastolako 6. mailako neskamutikoek Iñigo Belzunegi “Iturriak” sortutako melodia eta Jon Barberena bertsolariaren hitzak dituen “Motorrak berotzen” izeneko kantarekin parte hartu zuten. Bereziki larunbateko saiorako Iturriak Dj Nashekin batera egindako moldaketa izan zen. Bertzetik, Eugiko Saioa eta Oihane Ventura ahizpek beraiek sortutako “Horregatik” kantataularatu zuten pianoarekin, eta beren aita bateriajole izan zuten.

Jaialdia borobiltzeko, kantaldiaren akabailan, Mendaur TrikitrixaPandero Eskolako

Neskatxak taldeak eta Trikidantzeko Arkaitz eta Jorgito musikariek elkarrekin Kepa Junkera eta Sorginaken kanta eskaini zuten.

Ondotik, parte hartzaile guztiendako merezitako txokolatejatea izan zen.

Hurrengo saioak martxoaren 28an, Orkoienen (Gizarte Etxean, 18:30ean), eta martxoaren 29an, Berriozarren (Kultur Etxean, 19:00etan), izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun