Nafarroa Oinez 2015

Oinezen aldeko Pilota Jaialdi arrakastatsua burutu da Elizondon

TTIPI-TTAPA 2015ko ots. 9a, 10:18

Paxaka erakustalda ere ederra izan zen. Utzitako argazkia

Paxaka erakustaldiaren ondotik jokatutako partidan, Olaizola I eta Pascualek irabazi egin diote Mikel Goñi eta Otxandorenari

Elizondoko Baztan frontoian, Nafarroa Oinezen egitarauaren baitan antolatutako Pilota Jaialdi arrakastatsua izan zen otsailaren 7an, larunbat arratsaldean. Kanpoan hotza… frontoi barnean ez hainbertze… Arratsalde hotzari aitzin eginez, giro paregabea izan da eta pilotarien erakustaldiekin gustora egon dira jaialdirat bertaratu direnak.

Elizondoko Baztan frontoian, Nafarroa Oinezen egitarauaren baitan antolatutako Pilota Jaialdi arrakastatsua izan zen otsailaren 7an, larunbat arratsaldean. Kanpoan hotza… frontoi barnean ez hainbertze… Arratsalde hotzari aitzin eginez, giro paregabea izan da eta pilotarien erakustaldiekin gustora egon dira jaialdirat bertaratu direnak.

Txistu doinuak jaialdiko hasiera eta tarteko momentuak ere girotu ditu. Hasteko, Laxoa Elkarteko pilotariek paxaka partida eskaini dute. Dakizuenez, Laxoa Elkartea duela hogeita hamabortz urte sortu zen aitzinako pilota modalitateak berreskuratzeko helburuarekin. Geroztik, laxoa eta paxakaren mantentze eta hedapenean lan handia egiten ari da eskualdean. Neguko pilota modalitatea den paxaka partidan bi talde aritu dira norgehiagoka gaurko ekitaldiaren lehen zatian: gorriz, Gorka Urtasun, Jon Sansiñena eta Juan Mari Maiak osatutako taldea eta urdinez, Iñaki Etxandi, Egoitz Prim eta Joseba Urtasun iruritarrek osatutakoa. Jokaldi ederrak eta borrokatuak izan dira partidan. Sarearen alde baterat eta bertzerat pilota pasatuz, bizi joan da paxaka erakustaldia eta hondarrean, urdinen taldeak irabazi zuen.

Ondotik, eskuz binakako partida izan da. Txaruta pilota eskolako pilotari gaztetxoek, bi aldetara paratuta harrera egin diete lau pilotariei. Oronoz-Mugairiko Mikel Goñi eta Iñaki Otxandorena pilotariek osaturiko bikoteak, Asier Olaizola goizuetarra eta Iñigo Pascual abarzuzarra izan ditu aurkari. Hondar zatian emozioz beteriko momentuak izan dira. Azkenean, Olaizola I eta Pascual bikoteak 22-21 irabazi zuen.

Pilotariekin argazkiak egiteko eta aitzinez aitzin haiekin egoteko aukera aprobetxatu dute jarraitzaile batek baino gehiagok.

Ekitaldiari akabaila emateko, besta giroak Ordoki erretegian segitu du, bertan pilotariekin afari goxo bat partekatzeko aukera izan baitu nahi izan duen guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun