Nafarroa Oinez 2015 antolatzeko lanetan buru belarri dabil Baztan Ikastola, baina ezin aitzinerat egin gibelerat begiratu gabe. Hortaz, bilera hunkigarria egin dute otsailaren 27an, Elizondoko Arriarte Elkartean, lehendabiziko andereñoa izan zen Mari Carmen Goñik eta haren lehendabiziko ikasleek. Aspaldi bezala, andereñoaren argibideak arretaz aditu dituzte 1970ean Baztan Ikastolako lehendabiziko ikasleak izan zirenek.
Mahaiaren inguruan, lagun giroan eta afarimerienda goxo batekin, Ikastolaren sorrera sasoiko pasadizoak elkar trukatu dituzte. Andereñoak hantxe izan ditu bere ikasleak, aski koskortuak oraingoan; orduko haurrak, fundamentuzko emakume eta gizonezko eginak. Bileran, bertzeak bertze eta ikastolako irakasle eta ikasle ohiez gain, Iosune Ortega Ikastolako zuzendaria, Elena Zabaleta lehendakaria eta Mikel Irujo, NIEko ordezkaria, izan ziren.
Ekimen berezi bezain hunkigarria izan da, oinarria ongi paratzearen garrantzia argi utzi duena.
Zenbait datu
1970. urtean sortu zuen Baztan Ikastola guraso talde batek, euskarazko irakaskuntza bermatzeko. “Garai hartako eskola instituzioak ez zituen herritarren sektore handi baten beharrak asetzen, eta hezkuntza aukera gisa sortu zen gure proiektua” diote Baztan Ikastolatik. “Gure herriko hizkuntza eta kultura aintzat hartzen zituen egitasmoak. Garaiko debekuen ondorioz, Baztanen, eta batez ere Elizondon, euskaraz solastatzeko zailtasun anitz zegoen eta ausardiaz ekin zioten bideari hainbat gurasok. Egun, emaitza karriketan da: euskaraz solastatzen dira gazte eta haurrak, ama hizkuntza berreskuratu dugu!”.