Ehunka lagun bildu ziren azaroaren 29an Elizondoko Lur aretoan antolaturiko 2015eko Nafarroa Oinezaren eskualde mailako aurkezpen ekitaldira. Heldu den urteko Nafarroa Oinez Baztan Ikastolak antolatuko du Baztanen. Iruñean, azaro hasieran egindako aurkezpenaren ondoren, etxean bertan aurkeztu dira Oinezaren helburuak, leloa, logoa eta materiala, desfile eta guzti.
Ekitaldira bertaratu direnen artean, eskualdeko hainbat udal ordezkari, gizarte eragile eta kultur eragilez gain, Ikastolaren sortzaile eta lehenbiziko andereño nola maisuak ere izan dira. Larunbatean 17:30ean hasi zen ekitaldia. Ehunka begi eta belarri, hainbat ikaslek, gurasok, irakaslek eta laguntzailek prestatutakoarekin gozatzeko irrikaz.
Lehenbiziko zatian, Baztan Ikastolako zuzendari Iosune Ortegak eta lehendakari Elena Zabaletak hitza hartu zuten. Ikastolaren historiaren metafora gisara, ipuin eder bat kontatu zuen Ikastolako zuzendari eta Haur Hezkuntzako andereño denak. Ikastolaren historia, ipuinean, zuhaitz baten landaketa, sortze eta haztearekin irudikatua zuen. Ondotik, 33 urte eta gero heldu den urtean Baztanen eginen den bigarren Nafarroa Oinezaren helburuak azaldu ditu Ikastolako lehendakariak. Nafarroa Oinez eskuararen mesederako besta izatea da horietako bat, eskuarak beti behar duelako bulkaldia; baina, aldi berean, Ikastolako azpiegituretan dauden beharrak asetzeko ekimena da ere. Bai lehendakariak nola zuzendariak, heldu den urrira arteko bidean lagun izateko gonbidapena egin diete bertaratutako guztiei.
Ekitaldiaren bigarren zatian, 2015eko Nafarroa Oinezaren logoa eta leloa aurkezten dituen bideoa ere erakutsi zuten. Hautatutako leloa, “Hamabortz, ama bat da” eta ikurra, hamabortz puntuez koloreztaturiko oin bat. Leloa nahiz logoa gauzatzeko prozesua ikusi ahal izan zen bideoan. Ekitaldiaren azken zatian, pasarelan nahiz eszenatokian, ehundik gora ikaslek, guratsok, amatxik, ikasle ohik eta kirolarik (futbolariak, pilotariak, errugbilariak eta txirrindulariak ) parte hartu zuten Oinezeko arropa eta osagarrien desfile koloretsuan. Batzuk desfilatzen eta bertzeak koreografia ederrak erakusten…Bakoitzak ederki gauzatu zuen bere zeregina.
Desfilea akitzeko, seigarren mailako ikasleek, hamabortz oin kontu zituzten ibilgunearen erdian, leloa irudikatuz. Akabaila berezia izan zuen desfileak, emozioa sorrarazi zuena, tirolina batetik jautsiz aita bat eta bere alaba agertu baitziren logoa eskuetan.
Ordubeteko ekitaldia, hunkigarria eta beroa izan zen. Tarte batzuetan, oroitzapenek eragindako malkoak ere isuri zitzaizkion bertaratutako bati baino gehiagori.
Heldu den urtean Baztanen eginen den Nafarroa Oinezen aurkezpen ekitaldi arrakastatsuaren ondotik, auzolanean, urte akabailak eta urte berriak emanen dituztenak antolatzen jarraituko dute hainbat herritarrek.