Baztan Ikastolak antolatuko du 2015eko Nafarroa Oinez eta ospakizun horren aurkezpena egin zuten azaroaren 6an Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, Iruñean. 33 urteren buruan itzuliko da Eskuararen besta Baztanerat, 1982an historiako bigarren Oineza ere antolatu baitzuen Baztan Ikastolak.
Aurkezpenean, Zangozako ikastolari aurtengo arrakastarengatik zoriondu ondotik, Baztan Ikastolaren historiaren zertzelada batzuk eman zituen Iosune Ortega Baztan Ikastolako zuzendariak: «1970ean sortu zen, guraso talde baten ekimenez, eskuarazko irakaskuntza bermatzeko. Debekuen ondorioz, Baztanen, eta Elizondon batez ere, eskuaraz solasteko zailtasun aunitz zegoen. Hainbat gurasok ausardiaz ekin zioten bideari. Garai hartako eskola instituzioak ez zituen herritarren sektore haundi baten beharrak asetzen. Hezkuntza alternatiba gisa sortu zen gure herriaren hizkuntza eta kultura aintzat hartzen zituen egitasmoa, Baztan Ikastola».
Orain arteko ibilbidea ez dela xamurra izan ere aipatu zuen, «herriko barrakoian, frontoian, plazan eta ohiz kanpoko ordutegietan hartutako eskolak» gogoratuz. Bide horretan, aipatu behar da 1983an Baztango Udalak bere gain hartu zuela Baztan Ikastola, Udal ikastola bilakatuz. 2015eko Nafarroa Oinez eguna, Baztan Ikastolaren ibilbidean mugarri garrantzitsutzat jo zuen Iosune Ortega zuzendariak: «Gauzak aunitz aldatu dira, baina gogotsu gaude, ilusioz, erronka haundi bezain pollit honen aitzinean. Nafarroako 15 ikastolen izenean, harrotasunez, gure gain hartzen dugu Nafarroa Oinez 2015 besta antolatzeko ardura».
Elena Zabaleta Baztan Ikastolako lehendakariak adierazi zuenez, «gaur egun, Baztan Ikastolak bi eraikin ditu, haur hezkuntzakoa eta lehen hezkuntzakoa. 1982ko Nafarroa Oinezari esker, haur hezkuntzako eraikina berritu ahal izan zen. Urte hauetan guztietan, konponketa edota moldaketa lan ttikiak egin dira. Lan horiek Baztanen hain erroturik dagoen auzolanari esker garatu ahal izan ditugu».
Hala ere, kalitatezko hezkuntza eskaintzen jarraitzeko, instalazioak egokitzea ezinbertzekoa da, batez ere espazioari dagokionez. «Gure helburuak apalak dira –aipatu zuen Zabaletak–, garaiari egokitutakoak: bertzeak bertze, jangela handitzeko beharra dugu, kanpoaldean aterpea duen tokia behar dugu, ikasgela kopurua areagotu eta eraikinen isolamendua hobetu, ahalik eta eraginkortasun energetiko hoberena lortzeko”. Hortaz, 2015eko Nafarroa Oinez Baztan Ikastolako azpiegiturak mantendu eta hobetzeko baliatuko dute, baina baita eskuarari bulkaldia emateko ere: «Helburu horrekin, lanean ari gara eta batzordez batzorde, elkarlanean. Lehenbiziko pausuak eman ditugu jada».
LOGOA ETA LELOA
Lehenbiziko urrats horien erakusle, 2015eko Nafarroa Oinezaren leloa eta logoa aurkeztu zituzten. Leloari dagokionez, Hamabortz, Ama bat hautatu dute. «Hamabortz ikastola ari dira Nafarroan, elkarrekin lanean. Bertzalde, hamabortz herrik osatzen dute Baztan Bailara. 2015. urteari ere erreferentzia egiten dio. Hama… bortz, eta Ama… bat. Ama hizkuntza. Eskuara. Amak, eskuararen transmisioan gako izan dira. Ama guztiendako omenaldi xumea izan nahi du aipamenak». Leloa Fernando Anbustegik sortu du, Baztan Ikastolako lehenbiziko andereño izan zen Mari Carmen Goñiren semeak.
Ikurra, berriz, oin bat da. «Oinez, urratsez urrats egin dugu eta egiten ari gara gure hizkuntzaren bidea eta, hortaz, oina da gure ikurra. Hamabortz ikastolek, hamabortz herriek koloreztatutako oina da, eskuararen alde sendo aitzinet eginez», aurkezpenean erran zutenez. Logoa, berriz, Josune Iturzaetak, Pello San Millanek eta Juan Angel Perotxenak egin dute, elkarlanean.
Bertzalde, azaroaren 7an, Oinez denda ere inauguratu zuten Elizondon. Porrotx pailazoa ere bertan izan zen. Santiago karrikan dago, autobus geltoki parean. Asteburuetan zabalik egonen da eta Internet bidez ere izanen da materiala ikusi eta erosteko aukera.