Patxi Etxeberria gogoan

Xan Harriague 2006ko aza. 24a, 10:06
Patxi, Labri Zakurrarekin. Zakur honekin irabazi zituen sari gehienak. Xan Harriague

Amaiurko XXXgarren Artzai Zakur Txapelketa jokatu zen abuztuaren 15ean

Amaiurko Artzain Zakur Txapelketak kutsu berezia zuen aurten. Lehen ekitaldia zen Patxi Etxeberria herriko artzain gaztea hil zenetik. Xanpartek, bere etxearen izenarengatik, hainbat aldiz irabazi duen txapelketari izena utzi dio orain. Herrian berean omenaldia jaso eta bertze hainbat txapelketetan ere beretaz oroitu dira.

Usaiako girorik ez bazen ere, eguraldi ederra zen eta txapelketan parte hartu zutenek omenaldi ederra eskaini zioten Patxi zenari.

Urte guziz bezala, zakurrak eta nagusiak epaituak izan ziren hiru proben arabera. Lehenean, gehienez 3 minututan eta ardirik gabe, zakurrak zirkuitu bati itzulia eman behar zion. Ondotik, bigarren proban, ardiak bildu behar zituen, ateka batetik pasatu eta artzainarengana ekarri, hori guztia 6 minutuko denbora mugatu batean. Azkenik, 9 minututan, ardiak hesi baten barrenera sartu eta atera behar izan zituzten.

Proba guztiak egin eta, puntuen gehitzean hirugarren aldikoz segituan, Gipuzkoatik etorritako Peio Pagarizabal atera zen garaile. Alai bere zakurrarekin 286 puntu irabazi zituen. Ondotik, iaz bezala, Oronozko Jorge Oteiza eta Labrik osatzen zuten bikotea izan zen, 270 punturekin. Hirugarrena Itsasuko Paul Irikin izan zen, 264 punturekin. Laugarren eta bosgarren bukatu zuten Xabier Urienek, Txikirekin, Bizkaitik, eta Aresoko Antton Alustizak Argirekin. Sariak banatzeko orduan, omenaldia egin zuten. Juan Bautista Soule eta Juana Etxeberriari makilak eskainiak izan zitzaizkien, haien iloba zen Patxi Etxeberria «Xanpart»en oroigarriz.

Patxi Etxeberria Amaiurko artzaina

Herrian berean gutti ikusten bazen ere, ezaguna egin zen Euskal Herri osoan. Patxi Etxeberria edo Xanpart lagunentzat, 1958ko otsailaren 2an sortu zen Amaiurren. Ttikitatik etxean baserria izaki artzaintzan hasi zen. Laster lan bakarti horretan zakurra bilakatuko zen bere lagunik hoberena. Artaldearen zaintzen egoten zen belardietan zakurren hezten hasi zen. Patxirentzat txapelketetan aritzea ez zen helburua. 18 urte zituelarik herriko apezak, zakurrekin zuen abilezia ikusiz,txapelketan izen ematera bultzatu zuen.

Bertze jendeen aitzinean bere burua erakustea ez zuen izaeran, baina azkenean onartu zuen. 1976ean, Patxi hasi zelarik, artzai zakurren txapelketaren munduak iraultza ttikia ezagutu zuen. Amaiurko artzainak lehen urtetik hitzordu nagusiak irabazi zituen, Oñatiko masterra tartean. Aldiz, berantago bortz aldiz irabaziko bazuen ere, lehen urte horretan Euskal Herriko txapela ez zuen lortu, eguraldi kaskarrarengatik. Nafarroako txapela berehala jauntzi zuen, eta ondoko urteetan 15 aldiz irabaziko zuen, 12 segidan. Bere lagunik hoberenak Labri, Pintxe eta Lagun izan ziren.

Patxi joan bada ere, jendeen buruetan gelditu da zakurrekin hitz egiten zuen artzaina bezala. Aginduak eman eta zakurrak erantzuten omen zion. Nagusiaren parean jartzen zen eta hunek egin beharrak azaldu eta animaliak erantzuten zion bi saingarekin.

Zelaian hoberena zen, eta denbora berean, publikoaren begikotasuna ere lortu zuen, batez ere bere izaeragatik. Luis Mari Goienetxek bere lagun hurbilak zioen bezala, “diskretua zen, behar bada zintzoegia, bestetan gutti ikusten zen, egun pare bat herriko bestetan bainan bestenaz beti artaldea eta zakurrarekin egoten zen, ez zen aho handi horietariko bat”. Zakurrarekin zuen harremanarekin ere gaztetxoen ilusioa pizten bazekien. Zoritxarrez, 30 bat urte zituelarik osasun arazoak hasi zitzaizkion, hil baino 3 urte lehenago pneumonia ere izan zuen. Azkenean 2004ko irailean zendu zen.Txapelketak bazter guzietan irabazi zituen, Euskal Herri osoan ezaguna zen, Katalunia eta Madrilen ibilia zen. Argi da goizegi joan zela bainan 46 urte horietan arrastu handia utzi du Euskal Herri osoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun