Helduen Unibertsitatea lehen aldikoz Elizondon

Xan Harriague 2006ko ira. 29a, 19:54

Izenak eman behar dira urriaren 9, 10 eta 11n

Bidelagun elkarteak eta Francisco Indurain Helduentzako Unibertsitateak ikasturte honetarako kurtsoak antolatu ditu Elizondon. Ikastaroak 55 urte baino gehiagokoei zuzenduak dira, baina lekuen %30a gazteagoentzako gordetzen dira.

Guztira 7 ikasgai eskainiko dituzte lanbide eskolan emanen diren klaseetan. Asteartetan, 16:30etik 17:20era, Agoizko Salvador Gutierrezek Idatzizko Komunikazioa izeneko ikasgaia emanen du. Egun berean irakasle berak Poesia eta Musika izanen du aipagai 17:30etik 18:30era. Asteazkenetan Kantuak Gerra Zibilean edo Baztango Flora aztertzeko aukera izanen da 17:30etik 18:20era eta 18:30etik 19:20era. Basilio de los Santos elizondoarrak eskainiko du lehen ikastaroa, eta bertzea, Almandozko Navidad Lorenzok. Ortzegunetan ere bertze bi ikasgai eskainiko dituzte. Bezperako ordutegi berdinetan Angel Garciak gaur egungo idazle nafarrei buruzko ikastaroa emanen du, eta ondotik, XVII eta XVIII. mendeetako Baztango Emigrazioa eta Jaurerriak Gartzaingo Martin Gardek emanik. Ikastaro horiez gain bertaratu gabeko Boluntariotzako Formakuntza izeneko bertze ikasgaia emanen du Patxi GoƱik. Aipatutako ikastaro guziak 15 ordukoak izanen dira.

Interesatuta daudenek izena eman beharko dute urriaren 9, 10 eta 11n, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00ak arte 900 778 877ra deituz. 55 urte baino gazteago direnek 15 euro ordainduko dute, zaharragoek 12, eta 70 urte baino gehiago dituztenentzat doan izanen da. Egoera bereizi batzuetan beherapenak eginen dira, familia handiak edo irabazi gutti dituzten kasuetan bertzeak bertze. Ikastaroak urriaren 16tik aitzinera hasiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun