XIX. Behi Gorrien Txapelketa jendetsua

Xan Harriague 2006ko ira. 26a, 19:04

9 sarirekin Indart Anaiak izan ziren txapelketako irabazle nagusiak

Joan den asteburuan zehar burutu zen XIX. Behi Gorrien Txapelketa hagitz arrakastatsua izan zen Elizondon. Aspaldiko partez merkatuko plazak ez zuen hainbertze jenderik bildu. Behi buruen aldetik ere kopuru ederra bildu zen, guztira 371, 38 ustiapenetik etorriak, 21 Nafarroatik, 6 Gipuzkoatik, 9 Bizkaitik eta 2 Arabatik. Elizondora asteburu pasa etorri zirenak ez zuten akatsik egin eta goi mailako txapelketa ikusi ahal izan zuten. 11 sailetan, 8 urrixenak eta 3 idiskoenak, 6 000 euro banatu ziren eta horiez gain bertze 9 sari bereizi.

Asteburuko irabazle handiak Legasako Indart Anaiak izan ziren 9 sarirekin. Iurretatik etorritako Jon Bikandiren buruek ere emaitza ona izan zuten 6 sari eskuratuz. Baztango abeltzainek ere ez ziren batere gaizki ibili. Erratzuko Juan Jose IƱarreak 8 eta 12 hilabete arteko urrixen laugarren saria lortu zuen, Gartzaingo Maria Jesus Etxandik, 4 urte baino zaharragoko idiskoen laugarren saria, buru ederrenaren saria, eta Baztango abeltzain hoberenaren saria, Iruritako Miguel Angel Maritorenak behi zaharrenaren saria eta Lekarozko Bautista Iturririak abeltzain zaharrenaren saria. Antolatzaileek hagitz kontent agertu ziren egunak izandako arrakastarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun