«Musika taldeek arlo guziak landu dituzte eskualdean eta hori bildu dugu»

Aitor AROTZENA 2006ko uzt. 31a, 10:25
Josetxo APEZETXEA Xorroxin Irratikoa ttipi-ttapa

• «Xorroxin Irratia: 25 urte orroka» izeneko diska karrikaratu du Xorroxinek, Baztandarren Biltzarraren laguntzarekin.

• 25 urteotan Baztan-Bidasoaldean izan ditugun 41 musika talderen kantak bildu dira: «Denak ezin sartu, baina gehienak hor daude».

• Inguruan zabaldu nahi dute diska, 10 euroan: «Batzuendako oroitzapena pizteko bidea izanen da eta bertzeentzat izandakoa ezagutzeko diska» .

«Lan aunitz egin behar izan genuen kontzertuak antolatzen, baina jendea hurbiltzen delarik lana gogotik egiten da. Jendea hurbiltzen ez denean, orduan lana zama bihurtzen da»

25 urteotan Baztan-Bidasoaldean musika landu duten berrogeita bat talde diska batean biltzea ez da lan erreza izanen…

Duela bi urte hasi zen Joseba Otondo lehen lanak biltzen eta orai akitu dugu. Talde berrienen masterrak hor daude txukun-txukun, baina hamar taldek espreski diska honetarako grabatu dituzte beraien kantuak, ez baitzuten deus. Batzuk berriz elkartu behar izan dute, Elizondoko Alkolerria adibidez. Grabaketak egiteko, Elbeteko Mikel eta Kandiren prestutasuna azpimarratu behar da batez ere, lan izugarria egin dute, baita Berako Maikelena ere.

Aunitzentzat ezezagunak diren taldeak ere hor izanen dira…

alderik zaharrena «El grupo que toca en Mugaire y llueve» izanen da, duela 23 bat urte Oronozko institutuko irakasle gazteek eta ikasleek egindako taldea. Kronologikoki ongi sailkatzeko lanak izan ditugu eta seguruenik ez dira behar bezala sartu izanen. Arront zaila da. Epe laburrean hainbertze talde sortu ziren. Talderik berrienei dagokienez, Gaizka Sarasolaren «Ixuriak» edo Joseba Irazokiren azkenaurreko lanetik kantu bana bildu ditugu.

Beraz, rock edo punketik hasi eta musika esperimentala edo pop ukituko taldeak ere aurki daitezke diskan… Musikak izan duen bilakaera ageri da nolabait diskan?

25 urte hauetan inguru honetan musika arloan egin den lana agertu nahi izan dugu, eta horrek, denetarik biltzea erran nahi du: erromeria edo plaza taldeak daude, Jalisko Band erraterako; bertze muturrera joanez, esperimentazioaren bidetik Berako zenbait proiektu aurkituko ditugu, rock munduarekin zerikusi gutti daukatenak. Ziorek, Pottoka, Lesakan Kankaren garaikidea baina hain ezaguna izan ez zen Idrisko Aulkiak, Malerrekako Saiak, azken aldiko Ameba, More, Ufestuek… Punk, hardcore, heavy, pop edo trikitixa, denetarik izan dugu eta denetarik bildu dugu.

Zenbait talde adituta, Xorroxinek Erratzun antolatzen zituen kontzertuak gogoratuko dituzte aunitzek…

Garai izugarriak izan ziren haiek, jendea leku guzietarik mugitzen zen autobusean. Lehen kontzertuan, duela 20 bat urte, La Polla eta Barricada ekarri genituen; bigarrenean Zarama eta Hertzainak, hurrengoan Itoiz: hiru asteburu segidan talde historikoak. Gaur egun pentsaezina da hori! Lan aunitz egin behar izan genuen, baina jendea hurbiltzen delarik lana gogotik egiten da. Gero urte ilunagoak heldu ziren, kontzertuetara jende gutiago hurbiltzen zen eta orduan lana zama da. Horrela, kontzertuak antolatzeari utzi genion. Horrek ez du erran nahi orai talde gutiago daudenik. Lehen hamar talde zeuden eta horiek sekulako jendetza mugiarazten zuten. Gaur egun, musika mugimendu handiagoa da, baina jendea nekez mugitzen da kontzertuetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun