‘Dolareak, gure ondare bizia’ bisita gidatuak eskainiko ditu Peio Martikorena Fundazioak

Ttipi-Ttapa

Peio Martikorena Fundazioak gidatutako «Dolareak» proiektuak ondarea babestea eta zurgintzaren lanbide tradizionala belaunaldi berriei transmititzea izan ditu helburu. Sagarra eta sagardogintzaren kulturari lotutako proiektua izan da Fundazioak gidatu duena, Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko XVII. mendeko sagardo dolare historikoa berreskuratuz zurgintza irakasle eta ikasleen eskutik.

Urriaren 27an, 28an, 29an eta 30ean Astigarragako Erbetegi-Etxeberri dolare historikoa ezagutzeko aukera izanen da

Proiektuak hainbat erakunderen arteko lankidetza sustatu du, Astigarragako Udala, CIFP Donibane, EASO Politeknikoa eta Fédération Compagnonnique erakundea elkarlanean arituz. Horrela, ondare kulturalaren babesa, lanbide heziketa eta ezagutza tradizionalen transmisioa uztartu dira, ondare hori etorkizuneko belaunaldiei helarazteko. Era berean, ekimena Akitania Berria-Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen kofinantzaketarekin garatu da.

Bisita gidatuak: «Dolareak, gure ondare bizia»

Europako Ondare Jardunaldien harira, Astigarragako Erbetegi-Etxeberri dolare historikoa ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte. Bisiten bidez, herritarrek dolarearen historia eta sagardoaren kulturari lotutako ondarearen garrantzia ezagutzeko aukera izanen dute. Urriaren 27an, 28an, 29an eta 30ean eginen dituzte ordubeteko bisita gidatuak, doan, Astigarragako Troia ibilbideko 18an, 6A7 pabiloian. Asteartean eta ortzegunean, 18:00etan izanen dira eta asteazken eta ortziralean 12:00etan.

Bisita gidatuak herritar guztiei zuzenduta daude, sagardoaren kulturari lotutako ondare historiko hau gertutik ezagutzeko eta haren balio kulturala hobeto ulertzeko aukera eskainiz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun