Maite Arroitajauregi (Mursego) musikariak Markos Gimenok sortutako palindromoekin egiten duen performance berrirakurketa librea da. Emanaldiak musika, umorea eta hizperimentuak uztartzen ditu, hitzekin eta doinuekin jolastuz.
Etxalarko Altxata elkartearen urteko batzar orokorra eginen dute martxoaren 15ean, igandean 12:45ean, Pello Apezetxea Kulturgunean. Kontuak eta egitasmoak azaldu, eta aitzinera begira egin daitezkeen ekimenak eztabaidatzeko ezinbertzekoa da bazkideen bertaratzea.
Martxoko agenda kulturalaren barnean, Isabel Rezola Zenoz herritarraren liburu aurkezpena antolatu dute Elizondoko Txokoto tabernan martxoaren 15ean 13:00etan. Poesia liburua da Lo inconmensurable, irakurlea «ulermen beharrera» hurbildu nahi duena.
Imanol Epelde idazle eta musikariak Zerbait sartu zait begian ikuskizuna taularatuko du martxoaren 15ean, 18:00etan Iruritako Gizarte Bilgunean. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programarekin sortutako spoken word garaikidea da, «hitzaren, musika elektronikoaren eta irudiaren arteko elkarrizketa poetiko eta umoretsua».
Gaurtik aitzinera ikusgai izanen da Tren txikitoa: Bidasoaren memoria argazki erakusketa Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Apirilaren 16ra bisitatzen ahalko da, astelehenetik ortziralera 16:30etik 20:00etara.