Ekainaren 16an, larunbat goizean egin zuen eguraldi eguzkitsua aprobetxatuz, 1.500 bat lagunek parte hartu zuten Zugarramurdin egin zen Sorginaren Egunean.
Urtero eskaintzen diren ekitaldiez gain, txalaparta tailerrak ere egin ziren goizean (arratsaldekoa betean behera gelditu zen, euria hasi zelako) eta bertzetik, hitzaldia eman zituzten Kepa Arburua, Mikel Azurmendi eta Xabier Susperregi idazleek, agoteei buruz, sorginen inguruan eta erritoak edo Axularren bizitza hizpide dituztela idatzi berri dituzten liburuen inguruan. Goizeko eguzki goxoak, barrenerako baino karrikarako gogo gehiago ematen zuen eta ez zen jende sobera bildu solasaldi horietan, bai ordea karrikaz karrika edo lezeetan egindako ekitaldi frexkagarrietan.
Goizetik, Urdazubi eta Zugarramurdiko trikitixa eta pandero taldea karrikaz karrika ibili zen giroa paratzen eta III. Haurren Ipuin eta Marrazki Lehiaketaren sari banaketa ere egin zen. Goizetik hasita eskulangileen azoka ikusgai izan zen Beheitiko karrikan. Goiz eta arratsaldez, Telletxeko Juana eta Iriarteko Extefania sorginek gidatutako bixitak egin ziren herriko karriketan barna eta lezeetan. Lezeetan egin zen antzezpenean ere, herriko 30 bat lagunek hartu zuten parte, 19 antzezle heldu eta 10 haur, zuzendariaz eta laguntza ematen zuten lau lagunez gain. Arratsaldeko euri langarrak eskolako gorapera eraman zituen haurren dantzak, baina Teatrapalacalle taldearen malabare eta piroteknia ikuskizuna ere bikaina izan zen.