Egunean 2.200 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira Zugarramurdiko plazatik

Ttipi-Ttapa

Zenbait egunetan trafiko arazo handiak izaten dituzte Zugarramurdin. Irudia, duela urte batzuetako Aste Saindukoa da.

Zugarramurdi gurutzatzen duten ibilgailu kopuru erreala jakiteko, kontaketa bat egin zen urriaren 5etik 26era. Gisa bereko eta garai berean kontaketa bat ere egin zen duela bortz urte, eta geroztik, zirkulazioa aunitz handitu dela ikusi da. Orduan, aste tarteko egun bakoitzean 802 ibilgailu (banaz bertze) kontatu ziren. Aurten, aldiz, 2.211 dira. Asteburuetan 1.283 ibilgailu kontatu ziren orduan, eta aurtengo neurketan 2.259 ibilgailu.

Ibilgailuen %82k abiadura muga gainditzen duela ere ikusi da urrian hiru astez egindako azterketan

Datu hauetatik bertze zerbait ere ikusten da: aste tarteko egunetan, eta asteburuetan mugitzen diren ibilgailu kopurua parekatu dela aunitz (2.211 eta 2.259). Nahiz eta ibilgailu gehienak Alkerdi aldetik sartzen diren (% 60,6), bentetako bide estutik ere zirkulazio handia ibiltzen da.

Abiadura sobera handia

Ibilgailuen abiadura sobera handia dela ere ikusi da. Berez, abiadura topea orduko 30 kilometrokoa da, baina ibilgailu gehienek (% 82) muga hori gaintditzen dute (batzuk orduko 90 kilometrotik goitiko abiaduran ere sartu edo atera izan dira). Bitxikeria bezala, neurketa epe horretan, ibilgailu gehien sartu ziren eguna urriaren 10a izan zen. Egun hartan 3.085 ibilgailu kontatu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun