‘Nor naizen baneki’ antzezlana ikusgai izanen dute ortziralean Senperen

Ttipi-Ttapa

'Nor naizen baneki' antzezlanean parte hartzen duten aktoreak.

Kattalin Elizalde ikastegiak eta Axut! Elkarteak antolatutako emanaldia 20:00etan hasiko da Larrekon

Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek idatzitako Nor naizen baneki antzezlana ikusgai izanen dute azaroaren 20an, ortziralean 20:00etan hasita Senpereko Larreko kulturgunean. Ximun Fuchs berak zuzendutako lanean Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Garoa Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreak aritzen dira. Kattalin Elizalde ikastegiak eta Axut! Elkarteak antolatu duten emanaldira sartzeko tarifa osoa 12 eurokoa da eta tarifa murriztua 8 euro.

Sinopsia

Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara?

Antzezlanak antzoki baten indusketa arkeologiko bat kontatzen du. Arkeologoek eta adituek antzokiaren historia sekretua aztertzen dute, geruzaz geruza, erromatarren garaitik gaur egunera arte. Bi mila urtetan metatu diren gudu ezagunak, gai ez oso ezagunak eta trauma lurperatuak argitara emanez, ikuslea Inkisizioaren, Frantziako Iraultzaren, Karlistaden eta 1936ko gerlaren ikuspegietan murgilduko da, familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala bezalako gaiak jorratzeko.

Baina ez da lurra bakarrik esploratuko: pertsonaiak ere barne-bilaketa baten xede izango dira, gauzatu beharreko erabaki garrantzitsuen eta beren kontraesanen artean harrapatuta.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun