[GUTUNA] Euskara eta herria

Ttipi-Ttapa

Ibai Telletxeak euskararen egoerari erreparatu dio iritzi artikulu honetan, gibelera begira jarrita, euskararen kontrako erasoak ditu hizpide, baita gaur egungo euskararen kontrako jarrerak ere. Argi dio: «Adi eta erne egon gaitezen dauden eta etorriko diren trikimailuekin, ibil gaitezen herria eta hizkuntzaren defentsan adimentsu». 

Bada garaiotan ere, azpijoko, itxurakeria eta zitalkeria haundiz gurean dugun errealitate jarrera bat, hain ongi kamuflatua dago non oharkabean pasatzen zaigun usu; eta hemen dugu akats, izan Lapurdin, Gipuzkoan, Nafarroan…

Laburbilduz, aurpegi eta asmo onak erakutsiz, atzetik labana sar.

Errepaso bat atzera, egungoa hobeki ulertzeko.

IX-XX. mendeko frantses estatuaren jarrera batzuk euskararekiko:

  • «Eskola hau, euskaldunak frantsesteko modurik eraginkorrena izanen da, atzerapen ikaragarria baitute zibilizazioarekiko, harremanei dagokionez eta hizkuntzan batez ere». [1802. urtea, suprefeta eta prefetaren arteko trukaketa]
  • «Gure eskolek, bereziki, frantsesa euskararen ordezkoa izatea lortu behar dute». [1846. urtea, prefetaren oharra].
  • «Irakasleak kanpo eremuak garbi eta txukun egon daitezen ohartarazi eta oroitaraziko die ikasleei, ikasleak guztiz debekatua du hitz itsusiak erabiltzea, euskaraz hitz egitea bezala. Ikasgelatik kanpo ere, frantsesez hitz egin behar dute». [1846. urtea, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) lehen hezkuntza komiteak idatzi araudiaren 13. artikulua].

Euskal Herritik kanpo, baina frantsesen menpeko lurraldeetan :

  • «Ttua lurrera botatzea bezain debekatua da bretoieraz hitz egitea» [Bretainiako eskoletan IX. mendea].
  • «Frantsesaren irakaskuntza ofizialaren helburua, Madagaskarreko gazteengandik Frantziarekiko atxikimendua lortzea da» [1924. urtea, Frantziako Ministerioak hartu erabakia]

Euskal Herrian zein Madagaskarren, honi kolonizazioa deitzen zaio.

Bada, noski, gure hizkuntza jazarri dutenen aurka altxatu eta defentsa egin duenik:

Henry Belsunce bizkondeak (1796-1872) fermuki salatu zuen 1843. urtean Lehen Hezkuntzan euskara debekatu izana, eta gogor salatzen zituen euskararen aurka jarduten zutenak; «Mendeetako erliki saindua, hizkuntza primitibo aborigena, haitzuloetan babes hartzen duen mendiak bezain zaharra dena..., gure tradizioan, urrezko liburua» zioen. Euskararekiko jazarpen politiko etengabeak bultzaturik 1852.urtean Notices en faveur de la langue basque liburuxka argitaratuko zuen Belsunce jaunak.

Agerian da estatuak herritarren mobilizazioen arabera mugitzen dituela eskuartean dituen kartak eta garaiko eskola publikoetan erabili metodo glotofoboek gizarte euskaldun elebakarra frantsesteko balio izan badiote ere, gaur egun, beste egoera batean aurkitzen dira ikastetxe hauek. Herritar determinatu eta euskara herriaren hizkuntza izan zela eta delaren konbentzimenduaren indarrez sortu egoerak bultzatu dute azken 40 urte hauetan estatuak kudeatzen dituen eskola publiko batzuetan, euskararen presentzia nabarmen integratzera ordura arte frantses hutsez egiten zen eremu batean, betiere, pedagogia eta eduki frantses baten baitan. Eremu honetan lan haundia egiteke badago ere, herria eta hizkuntzaren alde jarduten duten irakasle geroz eta gehiagok integratzen dituzte aipatu eskola hauek, nolabaiteko programa ofizialari neurri batean intsumituz gureak diren balore eta erreferentziei aipamena eginez. Baina esan bezala, zeharka eta irakaslearen arabera.

Ikastolak indartzen, loratzen, euskarak galduak zituen eremuak berreskuratzen eta estatuak kartak mugitzera behartzen.

Hauxe da momentua, hementxe du esku hartuko eta plantan ezarriko estatuaren jarrera Makiavelikoak:

  • 2008. urtean : Frantziako estatuak, euskara, bere ondare izendatu zuen.
  • 2022. urtean : Frantziako Kultura Ministerioak, bertsolaritza, bere ondare kultural immaterial aitortu zuen.

Zergatik euskara ez da ofiziala? Zergatik gure seme-alabek ezin dituzte azterketak euskaraz burutu? Zergatik eremu eta testuinguru guztietan jazartzen dute euskara?

Estatuak testuinguru zehatz batean egiten ditu aitortza hauek, euskararen berreskuratze eta garapen fasean, hain zuzen, gurea berea eginez, hots, aberri txikia aberri haundiaren barruan integratuz (kontzeptu eta adierazpen hau, maiz aipatua izan da gure historian, euskaldunak frantsesteko bidean), estrategia asimilatzaile bati bide emanez; «O! Milesker, aspaldi itxoiten genuen aitortza egin diguzue» delako bat gure erantzuna izan dadin amestuz. Baina begi bistakoa da karta mugimendua, menpekotasun egoera batetik, kultur eragileek, tarteka onarpenaren antzerkia egitera behartuak izateraino, zozoaren itxura egin behar bada ere.

Ohartu zarete, ezta? Aurpegi eta asmo onak erakutsiz, atzetik labana sar, hauxe da lehen aipatu hitzaren esentzia.

Oharkabean pasatzen den beste adibide esanguratsu bat jarriko dut mahai gainean.

Bada euskalduna ez den euskal herritar frantses militante suharra den politikari ezagun bat gurean, Max Brisson jauna.

2004. urtean hainbat instituzio zein estaturen artean sortu zuten OPLB/EEP (Euskararen Erakunde Publikoa) erakundea. Sortzaile-eragileetan Brisson jauna zegoen eta hura izendatu zuten EEPko lehen lehendakaria, halaxe izan zen 2011. urtera arte.

Imajinatzen duzue frantses hizkuntzaren ezagutzarik gabeko Academie Française-ko burua?

Imajinatzen duzue espainiar hizkuntzaren ezagutzarik gabeko Real Academia Espanola-ko burua ?

Dirudienez, EEPko sortzaile eta lehen lehendakari izandako Brisson jaunarentzat euskalduna ez izatea ez da oztopo.

Max Brissonek urteak daramatza publikoki euskara babesten, bere komenientzia, esparru eta estatuaren marko juridikoan betiere, baina betiere alde. Alta, ezinbestekoa da euskararen promozioa burutzen duen Brisson jaunaren jarrera ezagutaraztea egoeraz jabetzeko.

Emmanuelle Brisson, hogeita hamar bat urteko eta politikari loturiko hainbat alderditan engaiatua den Max Brissonen alaba dugu, gaztetatik inplikatua, aitaren senari jarraikiz. Brisson jauna, Emmanuelle alaba haurtxoa zenetik hasia zen euskararekiko duen maitasun eta berreskuratze planak marrazten eta plantan ezartzen. Horren adibide dugu lehen aipatu OPLB/ EEPren (Euskararen Erakunde Publikoa) sorrera, Emmanuelle alabak zortzi urte zituelarik. hain zuzen ere.

Max, erakunde honen sortzaile eta gidari izana, gaur egun ere, euskararen garapenaren alde agertzen zaigu.

Norbaitek azal diezagula otoi, mesedez, zergatik Emmanuelle Brisson euskararen salbatzaile gisa agertzen zaigun Max Brissonen alabak ez duen euskaraz tutik ere ulertzen?

Funtsean, ezagunak zaizkigu aita-alaben herriarekiko –gorputza– jarrerak, adierazpen publikoetan, gure herriaren existentzia etengabe ukatuz, betiere frantses errepublikaren baitan ez bada. Gure hizkuntza –bihotza–, aberri haundian (Frantzia) integratua besterik ikusten ez dutena, nahikari honen museoko erakusleihoko trofeo gisa.

Ez tronpa, ez nahas, asmo onak erakutsi ditzakegu, hizlari bikainak izan gaitezke, askotan euskararen salbatzaile agertzeraino. Baina bere burua frantses Errepublikazale-Gaullista definitzen duen politikari batek ez du sekula gure hizkuntzaren alde egingo, nahiz eta hitzak, itxurak eta jarrerak beste norabide bat erakutsi.

Brisson aita-alabaren jokamoldeekin segituz, Emmanuelle alabaren jarrera bat aipatu nahi nuke.

2026ko Baionako bestak eta Kufiya palestinarra gatazka iturburu.

Aurtengo Baionako bestetan, bertako elkarte euskaltzale ezagun baten iniziatibaz, palestinar herriak pairatzen duen apartheid zein genozidio politikoa salatu zein elkartasuna adierazi asmoz, lepotik zintzilik jartzeko kufiya gorriak saldu edo banatu zituzten, jaietako ohiko zapi gorria ordezkatuz, bertako hedabide ezagun batek iniziatiba zabalduz.

Nolabait Emmanuelle Brissonek albistea jaso zuen eta bere ohiko modu harro eta probokatzailean sare sozialetan gaindi kontra-informazioari ekin. Berehala, Emmanuellen testigantza jaso asmoz, hedabide franco-israeldar ezagun batean hauxe adierazi zuen: «Baionako bestak ez dira inolaz ere Hamaseko bozeramaileen mitin politiko bat».

Bertako hedabide batean, Max Brissonek hauxe adierazi zuen 2019an munduko zazpi potentzia-ekonomiko nagusien G7 gailurra Miarritzen iragan behar zenaren aurreko egunetan:

  • «G7a mundu mailako demokrazia haundien bilgunea da».
  • «Historian, G7a ez antolatzeak, gerra ekartzen du».

Adierazgarria da ardura politiko-instituzionalak dituen pertsona baten ahotik horrelakoak entzutea.

Geroztik, zenbat gerra, genozidio, nazioarteko araudi hauste…? Justuki Brissonek dion G7 potentzia-ekonomio demokratiko hauengandik ?

Hauxe da laburbilduz Brisson aita-alabek adierazteko duten moldea, halako egurra halako ezpala.

Gurera itzulita, herria eta hizkuntza ardatz, ikas dezagun munduko hainbat herrialdetan egon deskolonizazio prozesuetako hutsune eta gaitz haundienetatik, Hego Ameriketako zenbait herrialde adibide; estatua bai, baina kolono ohiaren hizkuntzan.

Hazilaren hilabete eder honetan, begi kliska zuri Xalbador, milesker eta ez adiorik!

Adi eta erne egon gaitezen dauden eta etorriko diren trikimailuekin, ibil gaitezen herria eta hizkuntzaren defentsan adimentsu.

Garen bezalakoak garela, dena dugu irabazteko eta!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun