Zikiro jateari buruzko dokumentala aurkeztu dute Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa

Fermin Iriarteren eta Koro Irazokiren lanarekin Txema De Los Frailes arduratu da ikus-entzunekoaren muntaketaz.

Zugarramurdiko sorginen museoko aretoan Zugarramurdiko zikiro jateari buruzko dokumentala aurkeztu zuten igande eguerdian, aretoak sekula izan duen jendetzarik handiena bilduz. Ikusmina sortu zuen emanaldiak. Duela zenbait urte Fermin Iriarte hasi zen zikiro jateari buruzko informazio biltzen eta gerora Koro Irazokik eman zion segida, eta bera izan da lan hau zuzentzeaz arduratu dena. Zugarramurdiko Udalaren diru laguntzarekin egin dute aitzinera proiektuarekin eta Txema De Los Frailes arduratu da dokumentalaren muntaketarekin eta aurten egin duten grabazio eta edizio lanez.

Dokumentalak bi zati ditu: lehenbizikoa garai bateko argazkiekin eta prentsan bildutako aipamenekin osatua zegoen eta zikiro jatea noiz eta nola sortu zen ikusi zuten bildutakoek. Bigarren zatian, berriz, iazko zikiro jatearen lanen prestaketarekin hasi, egun berean egindako lanen grabaketak eta ondorengo egunetako garbiketaren grabaketarekin bukatzen da.

Lan ederra da herritarren erranetan, betiko gordeko dituzten irudiekin. Honekin batera dokumentalean agertzen diren argazkiekin eta lotura duten testuekin osatu duten liburuxka ere argitaratu dute. Herritarrek eta horrela nahi dutenek dokumentala eta liburuxka eskuratzeko aukera izanen dute, aski dute Korori eskatzea eta berak emango die beharrezko informazioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun