Benito Menniko langileei babesa emateko manifestua publikatu dute Baztan-Bidasoko alkate guziek

Ttipi-Ttapa

«Osasun mentaleko kalitatezko arreta eta lan baldintza duinak bermatzearen alde», Baztan-Bidasoko 21 udalerrietako alkateek sinatu dute manifestua: Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi, Lesaka, Beintza-Labaien, Saldias. Eratsun, Ezkurra. Donamaria, Ituren, Zubieta, Elgorriaga, Doneztebe, Sunbilla, Urrotz, Oitz, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi.

Manifestuan adierazi dutenez, «Hermanas Hospitalarias Fundazioak kudeatzen duen Elizondoko Benito Menni zentroa funtsezko baliabidea da osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak artatzeko, eta, gainera, gure eskualdeko enplegu emaile nagusietako bat da. Zentroko plaza gehienak Nafarroako Gobernuarekin hitzartuta daude; horregatik, bereziki beharrezkoa da Administrazioaren inplikazioa, kalitatezko zerbitzua eta zerbitzu hori posible egiten duten langileen lan baldintza bidezkoak bermatzeko».

2024ko abenduan zentroak dituen hiru eraikinetako bat ixteko erabakia iragarri zuten. «Erabaki horrek ondorio zuzenak izan zituen erabiltzaileengan: horietako batzuk Iruñera eraman zituzten, eta beste batzuek gela partekatu behar izan zuten irekita jarraitu zuten eraikinetan. Era berean, erabakiak ondorio larriak izan zituen langileentzat, besteak beste, kaleratzeak, lan baldintzen aldaketak eta kontratu aldaketak eragin baitzituen».

Egoera horri «gehitu behar zaio langileek hitzarmen kolektiboaren negoziazioan bizi duten blokeoa. Horren ondorioz, zentroko langileek diskriminazio argia jasaten dute Nafarroako beste osasun mentaleko baliabide batzuetan antzeko eginkizunak betetzen dituzten profesionalekin alderatuta. Baliabide horiek Nafarroako Gobernuaren mende daude, hainbat kudeaketa eta kontratazio formulen bidez. Desberdintasun horiek, besteak beste, honako hauetan islatzen dira: urtean 5.000 euro inguruko soldata arrakala, urtean 200 ordu gehiagoko lanaldia eta baimenei zein bertzelako lan eskubideei dagokienez baldintza makurragoak».

Egoerak «gehienbat emakumez osatutako kolektibo bati» eragiten dio, «zaurgarritasun bereziko egoeran dauden pertsonak zaintzeko eta artatzeko ezinbertzeko lana egiten baitu. Uste dugu osasun mentaleko zerbitzuen kalitatea, neurri handi batean, profesional taldeen egonkortasunaren, behar adinako langile kopuruaren eta lan baldintza duinen mende dagoela».

Horren ondorioz, eskualdeko alkateek ondokoa adostu dute:

  • «Elizondoko Benito Menni Zentroko langileei gure babesa eta elkartasuna adieraztea. Izan ere, bi urte daramatzate gatazka batean murgilduta, eta 350 egun bete ditu dagoeneko haien lan eskubideen eta arreta asistentzialaren kalitatearen aldeko grebak».
  • «Zaintza lanen balio soziala eta profesionalaren aitortzea defendatzea, bereziki osasun mentala bezain eremu sentikor batean. Era berean, eguneroko arreta horri eusten diotenen gain lan prekarietatea ezartzea arbuiatzen dugu».
  • «Langile guztientzako lan baldintza duinak eta bidezkoak eskatzea, Nafarroako osasun mentaleko arreta sarean antzeko kategoriako eginkizunak betetzen dituzten bertze profesional batzuekiko dauden alde justifikaziorik gabekoak ezabatzeko».
  • «Hermanas Hospitalarias Fundazioari negoziazio erantzukizuna bere gain har dezala eskatzea, eta langileen lan eta ordainsari baldintzak hobetzeko proposamen integral eta zehatz bat aurkez dezala, Nafarroako osasun mentaleko bertze baliabide batzuetan antzeko eginkizunak betetzen dituzten profesionalekin parekatu arte».
  • «Nafarroako Gobernuari bere erantzukizuna bere gain har dezala eskatzea. Horretarako, kalitatezko osasun mentaleko arreta bermatzeko beharrezko baliabideak bideratzeaz gain, erabiltzaileen behar espezifikoetara egokitutako langile ratioak bermatu behar ditu, pertsonalizatutako arreta duina eta pertsonan oinarritua eskaintzeko. Era berean, eskatzen dugu esleitutako baliabideak adierazitako helbururako erabiltzen direla bermatzeko esku har dezala».
  • «Nafarroako Gobernuari eta Hermanas Hospitalarias Fundazioari gatazkari irtenbidea emateko lan egin dezatela eskatzea, benetako elkarrizketaren eta konpromiso zehatzen bidez, lan baldintzak hobetzeko, langileen egonkortasuna bermatzeko eta kalitatezko arreta zerbitzua ziurtatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun