Ikasketak herritik kanpo egin zituen, baina «argi» zuen Urdazubira bueltatuko zela: «Ikasketak akituta, lana herritik hurbil bilatu nahi nuen, hemen bertan bizitzeko. Azkenean, gauza aunitz hemen nituela sentitzen nuen».
Laneko ordutegiak aukera ematen dio afizioetan aritzeko eta herriko taldeetan parte hartzeko: «Aunitz maite dut musika, kirola, jendearekin egotea…». Herriko gauzetan ere inplikatzen da, hala nola, gazteriak antolatutako ekintzetan, Kontrabandisten Lasterketan eta Ugarana emakumeen elkartean.
Trikitixa afizio eta ofizio
Musikak leku berezia du bere bizitzan. Bederatzi urte inguru zituela hasi zen trikitixa jotzen, Zugarramurdiko Irats trikitixa eskolan, eta duela zortzi bat urtetik irakasle ere bada. «Polita da herrian segida badela ikustea eta jendeak musikan aritzea maite duela ikustea ere». Kultura «aunitz maite» du, eta herri ttikietan kultur ekintzak bultzatzea ezinbertzekotzat jotzen du: «Zerbait antolatzen denean, parte hartzea gustatzen zait, herri ttiki batean jendea elkartzeko aukera dela ikusten baitut».
Urdazubi «mugako herri ttiki» gisa definitu du, eta herritik kanpo bizitu bazen ere, etxera itzultzeko gogoa izan zuen. «Hemen dagoen lasaitasuna ez da herritik kanpo lortzen», adierazi du. Azken urteetan herriko bizitza indartu dela sumatzen du eta «aski polita» iruditzen zaion arren, egunerokoan herritarren inplikazio handiagoaren falta sumatzen du.
«Nire ustez aski inportantea da herritar guztiak jarrera aktiboa izatea»
Herriko bizitzan aktiboki parte hartzen du Jaurenak. Urdazubiko Gazteriaren juntan urteak pasatu baditu ere, aurten, Kontrabandisten Lasterketako antolakuntzan sartu da. Gazteriako junta bortz pertsonek osatzen dute, eta hainbat ekitaldi antolatzeaz arduratzen dira. Jaurena bi urtez ibili zen bertan. Juntan aritzea «lan handia» dela onartu du, eta horrekin, lanari ekiteko gogoa izatea garrantzitsua dela gaineratu du: «Herri guztiarendako antolatzen dira bestak eta nire ustez, aski inportantea da jarrera aktiboa izatea».
Antzinakoen bideetatik lasterka
Herriko elkarlanaren bertze adibide bat Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa da. Urriaren bigarren asteburuan egiten den mendi lasterketa honek kontrabandisten bideak oroitarazten ditu. Aurten, 25. urteurrena ospatu dute, eta bi proba nagusi antolatu zituzten: 21 kilometroko maratoi erdia eta 11 kilometroko Gaueko Lanak lasterketa. Azken horrek xarma berezia du urdazubiarrarendako: «Aski berezia da gauez mendian goiti argiak lasterka ikustea». Haurrendako UKL Ttiki lasterketa ere bereziki maite du.
Lasterketaren helburua kirola sustatzea eta inguruko bazterrak ezagutaraztea da. Hala ere, Jaurenak boluntarioen lana nabarmendu du: «Haien lanik gabe ez zen aitzinerat aterako lasterketa». Aurten antolakuntzan aritzeak prestaketa lan guztiak bertatik ezagutzeko aukera eman dio. Mendia garbitu, ibilbidea markatu, kamisetak diseinatu, babesleak bilatu... behar izaten dituzte, bertzeak bertze. Gainera, 25. urteurrena ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu zuten, lasterketez, artisau postuez, bazkariaz eta bertze hainbat ekitaldiz hornitua.
«Polita da segida badela eta jendeak musikan aritzea maite duela ikustea»
Jaurenak gustuko du horrelakoetan aritzea. «Nahiko saltsera» dela dio antolakuntza kontuetan, eta ez du gauzak antolatzeko duen zaletasuna gorde: «Maite dut edozein gauza antolatzen ibiltzea». Herriko taldeetan eta ekitaldietan parte hartuz, herritarrak elkartzen eta Urdazubiko bizitza indartzen laguntzea du gustuko.