«Zugarramurdin bizitzeko aukera da lanpostuko gauzarik zoragarriena»

Ttipi-Ttapa

Jurio, txalaparta jotzen.

Alfredo JURIO ARBURUA, Zugarramurdiko herritarra.

Burlatan sortua zara. Noiz etorri zinen Zugarramurdira bizitzera?

Pandemia ondotik. Orain lanean ari naizen tokian hasteko aukera izan nuen eta dagoeneko 5 urte daramatzat Zugarramurdin bizi naizela.

Hainbat lanetan aritu zara… Zertan egiten duzu lan gaur egun?

Argintzan, komentzial gisa, errepideetako mantentze lanetan... Gaur egun, gasnategi batean egiten dut lan. Aunitz laburbilduz, nire lana gasnak garbitzea eta puntu hoberenean noiz dauden kontrolatzea izaten da.

Zer da zure lanetik hoberena eta gogorrena?

Zugarramurdin bizitzeko aukera da lanpostuko gauzarik zoragarriena. Txarrena, ordutegia dela erranen nuke.

Artista ere bazara, kontaiguzu!

Orain dela urte batzuk sortu zen Zugarramurdiko antzerki taldean parte izan naiz. Handik urte batzuetara egin ziguten proposamen baten bidez, bertze antzerki talde bat sortu genuen, pixka bat formalagoa zena, eta Euskal Herrian eta Katalunian ibili ginen Zugarramurdiko inkisizioaren egiazko istorioa kontatzen.

Musika ere gustuko duzu, txalaparta behintzat. Zertan aritzen zara?

Gaztetan Iruñean bizi nintzela, nire arrebarekin txalaparta ikastaro batean izan nuen lehen kontaktua txalapartarekin. Beranduago, Beran, Pablo eta Kotto zena ezagutu nituen eta, Kottok, zurgina zenez, txalaparta bat egin zidan. Antzerkiarekin batera ere txalapartan aritu izan naiz.

Zugarramurdiko herriarentzat otorduak prestatzen aritzen zara. Nondik nora?

Zugarramurdiko zikiro egunean edo errefeta egunean aritzen naiz haragia prestatzen. 

Zein dira zure afizioak?

Orokorrean irakurtzea maite dut. Baita lagunekin egotea eta musean aritzea ere.

Zein kirol dituzu gustuko?

Pilota, pala eta trainerak ikustea aunitz dut gustuko. Futbola aunitz gustatzen ez bazait ere, Osasunaren partiduak ikusten ditut.

Bazkari batean, zein janari eta edari eskatuko zenituen?

Aukeran txuleta bat eta ardo on bat.

Dantza edo kanta?

Dantzatzea baino, kantuan aritzea nahiago dut.

Zugarramurdiko txoko bat aipatzekotan?

Zugarramurdiko plaza erranen nuke. Adin guzietako jendea elkartzen gara plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun