2027ko Herri Urrats maiatzaren 9an ospatuko da Senperen ‘Xauri’ leloarekin

Ttipi-Ttapa

2027ko Herri Urratsen aurkezpena egin zuten asteartean Baionan. Maiatzaren 9an eginen dute Senpereko aintziran, 'Xauri' lelopean.

2027ko Herri Urrats eguna aurkeztu zuten asteartean Baionan eta usaian bezala maiatzeko bigarren igandean ospatuko da, maiatzaren 9an Senpereko aintziran. Xauri izanen da 2027ko Herri Urratsen leloa. «Zatoz» edo «etorri» erran nahi du. Gonbidapen bat da; hurbiltzeko, parte hartzeko eta elkarrekin bizitzeko deia. Aurtengo iruditegia Eider Eibar marrazkilari bizkaitarrak landu du. Bertan Herri Urratseko txanoa daraman eper bat irudikatzen da.

Zergatik Eperra?

Eperra bera gaur egun desagertze bidean da Euskal Herrian kanpo faktoreengatik: klima aldaketa eta nekazaritza ereduaren aldaketagatik. Euskararekin silogismoa egin daiteke, hau ere desagertze bidean baita eta hil ala biziko egoeran. Horretaz gain luma bat ere agertzen da, luma horrek euskara irudikatzen du. Eperrak galdu behar ez duen luma. Lauburua ere presente dago. Aurkezpenean aipatu zutenez, «gure ikurren aldarrikapen bat egin nahi da honekin. Azken urteetan gure iruditegia folklorizatu eta turistifikatu egin dute, gure artean atxikimendua galdu arte. Erabilpen honekin gure ikurren apologia egin nahi dugu eta hauekin harro sentitzearen aldarrikapena. Lema eta iruditegiarekin batera Herri Urrats aurretik burutuko diren ekimen batzuen berri ere eman zuten.

Peio eta Pantxoren kontzertua azaroaren 29an Maulen

Pantxoa eta Peioren azken kontzertuetako bat ere Herri Urratsek antolatuko du. Kontzertua azaroaren 29an, igandea, 16:30ean izanen da Mauleko zineman. Peio eta Pantxoaren Xiberoko azken dantzaren parte izan nahi dutenak fite ibili beharko dira sarrerak erosteko. Sarrerak salgai dira herri urratsen webgunean.

Musika maketa lehiaketa laugarren aldiz

Azken hiru urteetan izan duen arrakasta ikusita, aurten ere musika maketa lehiaketa martxan jarriko du Herri Urratsek Berriarekin elkarlanean. Orain arte 100 euskal taldek baino gehiagok parte hartu dute. Maketa lehiaketa euskaraz abesten duten talde guztiei zuzendua dago. Parte hartu nahi duten taldeek hiru abesti (gehien jota) bidali beharko dituzte izen emate orria erabiliz.

Lanak aurkezteko epea abenduaren 3an hasiko da eta urtarrilaren 7ra arte bidali ahalko dira. Behin lan guztiak jasota Epaimahaia osatuko da eta otsailean aukeratutako bortz taldeen berri emanen dute. Gero, euskal jendarteak bozketa bidez erabakiko du nor den irabazlea. Irabazlearen saria, Herri Urrats egunean, Nafarroa gunean, kontzertua jotzeko aukera izanen da. Lehiaketa honen helburua euskal musika talde berriei aukerak irekitzea da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun