Hodei Lujanbio eta Maddalen Jimenez nagusitu dira Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketako Maratoi Erdian

Ttipi-Ttapa

Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketako Mendi Maratoi Erdiko podiumeko lehen postuan izan ziren Hodei Lujanbio goizuetarra eta Maddalen Jimenez beratarra. Argazkia: Oskar Montero

Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketako 25. edizioa egin da larunbat honetan. Aurten bi probak, Maratoi Erdia (22 kilometro luze eta 1.200 metroko desnibel positiboa) eta Gaueko Lanak (11 kilometro eta 650 metroko desnibel positiboa) egun berean antolatu dituzte. Korrikalari goizuetarra konbinatuan ere garaile izan da, Gaueko Lanak lasterketan bigarren izan ondotik.

Mendi Maratoi Erdian Lujanbio eta Jimenez garaile

Mendi Maratoi Erdian, 138 korrikalariren artean, Osin Trail taldeko Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen bizkorrena (1.49.18). Mikael Etcheverryk (1.50.20) eta Arroniz KTko Miguel Mujikak (1.50.24) osatu dute podiuma. Aipatzekoa da Manttaleko Ibon Erdozain beratarra seigarren izan zela (1.56.07) eta Gartxot Iribarren zortzigarren (1.57.33).

Emakumezkoen artean, berriz, Soronea Ammma taldeko Maddalen Jimenez beratarra izan da bizkorrena (2.11.24), Olatz Salaberria azpeitiarra bigarren (2.20.02) eta Miren Goikoetxea hirugarren (2.21.44). Sarak Korrikako Ihintza Larralde laugarren izan zen (2.28.32) eta Beti Gazteko Mayi Arriola lesakarra bosgarren (2.32.07).

Ikusi sailkapen osoa

 

Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketak 25. edizioa bete du eta aurten ere antolaketa talde ederra izan dute lanean. Argazkia: Oskar Montero.

 

Gaueko Lanak lasterketan Latorre eta Combarieu irabazle

Gaueko Lanak lasterketari dagokionez, 228 korrikalari parte hartu zuten eta Asier Latorre izan zen bizkorrena (59.39), Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren (1.01.08) eta Asier Juanbeltz hirugarren (1.02.37). Emakumezkoetan, Urruñako Maud Combarieu izan zen lehenbizikoa (1.13.43), Olatz Salaberria bigarren (1.18.27) eta Zornotzako Izaro Zamalloa hirugarren (1.18.51).

Gaueko Lanak lasterketako podiua: Maud Combarieu eta Asier Latorre garaile. Argazkia: Oskar Montero

Ikusi sailkapen osoa

 

Konbinatuan, Lujanbio eta Salaberria nagusi

Gauzak honela, bi lasterketak bukatu zituzten hamasei korrikalarien artean Hodei Lujanbio goizuetarra (2.50.26) eta Olatz Salaberria azpeitiarra (3.38.35) izan ziren bizkorrenak. Emakumezkoetan, Sara Korrikako Ihintza Larralde bigarren izan zen (3.51.39) eta gizonezkoetan, Ulibeltzak taldeko Eneko Urroz sunbildarra seigarren izan zen (3.25.49).

 

Bi probetako denbora batuta, Hodei Lujanbiok eta Olatz Salaberriak irabazi zuten konbinatua. Argazkia: Oskar Montero

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun