Ura ardatz hartuta kanpaina abiatuko du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak

Ttipi-Ttapa

Azken hilabete hauetan ura pil-pilean da, aktualitate beroan, ura arrangura eta galdera iturri da. Urriaren 12an abiatuko den kanpaina berri honen gaia izanen da ura, baita Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) azaroaren 6tik 8ra antolatuko duen Lurrama aretoaren tematika bera ere: "Ama ura zaindu”.

 

«Uda honetan gure etxaldeak biziki kaltetu dituen nahasmendu klimatikoaren parean», EHLGk lan ardatz eta ekoizteko molde egokiak proposatu behar ditu, eta, trantsizioen zentzuan, Ipar Euskal Herriko laborariak lagundu.

 

Urari arreta berezia

Uda honetan jasan berote handi goiztiarrak, idorte saminak eta ur eskasiak «gure antolaketa eta egiteko manerak berriz pentsatzera behartzen gaituzte, batez ere urari begira. Halaber, laborantzan lan egiteko eta ekoizteko molde egokiak landu behar ditugu eta klima egoera gaizkiagotuko ez duten egokitze estrategiak asmatu. Ura laborantzaren bihotzean da. Alta, ur eskasia berotze klimatikoarekin areagotuko da. Edozein jarduerak bezala, laborantzak ere eragina du uran. Laborantzak beharrak ere baditu. Orduan, funtsezkoena da ura kantitate egokian, leku egokian, memento egokian eta erabilpen egokientzat baliatzea. Erantzuna, beraz, laborantza praktiketan da», dio EHLGk.

 

Laborantza herrikoia, trantsizioak eta ingurumen erronkak

Bizidunak errespetatzen dituelako, laborantza herrikoia erronka horieri erantzun diezaieken modelo bakarra da eta EHLGk sutsuki lan egiten du zentzu horretan, laborariekin batera. Elkarteak trantsizio urratsak laguntzen ditu, ingurumen erronkekin (lurra, ura...) bateragarriak diren laborantza sistemen alde.

Lurzoruek garrantzi handia dute ekosistemen baitan, eta lurzoruaren kalitatearen eta uraren zikloaren arteko lotura hertsia da. Laborantza praktiken arabera, lurzoruek euri-ura atxiki dezakete, iragaz dezakete eta kutsatzaileak desegin ditzakete... edo ez. Laborantza praktiken arabera, karbonoa ere atxiki dezakete eta, horrela, nahasmendu klimatikoa mugatu... edo ez.

EHLGk laborariak lagunduko ditu praktika agronomiko onak plantan emateko zeren eta lurraren kudeaketa etxaldetako ekoizpen sistemen elementu nagusia izan behar baita. «Helburuak? Gai organikoa azalean atxikitzea, lurraren egitura hobetzea, mikrobioen bizitza babestea, lurzorua biluzik ez uztea, lur-higadura mugatzea eta landan lan egiteko kostuak eta lan denbora mugatzea ere bai».

 

Atxikimendu deialdia trantsizioen bidean

Gure lurraldeko elikadura beharrak segurtatzeko baliabide naturalen zaintzea eta partekatzea aktualitate beroan dago, lurraren elikatzeko bokazioa zaintzea bezala.

EHLGren diru biltze deialdi kanpaina azaroaren 22a arte iraganen da eta gogoeta hori elikatzeko parada izanen da.

Iaz bezala, sei aste horiek, laborari potretak deskubritzeko parada emanen dute. Sabina Hourcade bideogileak landutako lau bideo labur dira, EHLGren sare sozialetan ikusgai izanen direnak, urrian eta azaroan.

Hazleen, baratzezainen eta zereal ekoizleen lekukotasunak dira, beren ofizioa eramaiteko manerak hobetzen eta egokitzen dituztenak beti: lurzorua babestuz ur baliabidea zaintzeko, alor eta sail iraunkorrak hautatuz, ura xuhurki erabiliz, etab.

Atxikimendu kanpaina honek EHLGri lasaitasun ekonomikoa ekarri behar dio bere aktibitateak iraunarazteko, laborantza iraunkorraren garatzeko. Horretarako, emaitza pribatuak finantzamendu iturri garrantzitsuak dira. 800 emaile baino gehiagok (partikularrek eta enpresek) EHLGren lanak leialtasunez sostengatzen dituzte.

 

Nola lagundu Euskal Herriko Laborantza Ganbara?

EHLGk laguntzaile oinarri hori bermatu behar duen bezala sostengatzaile berriak atzeman behar ditu ere bai. Partikularra izan edo enpresa, laguntza bakoitzak elkartea laguntzen du Euskal Herriko laborantza herrikoiaren alde aitzinatzen.

Diru ekarpena: banku biramenduz egin daiteke ehlgbai.org webgunetik, eusko biramenduz edo txekez.

Emaile bakoitzak emaitza agiri bat eskuratzen ahal du eta Izar Lorea aldizkaria etxean errezibitzen ahal du (urtean 5 zenbaki).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun