Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketaren 25. edizioa larunbatean eginen dute

Ttipi-Ttapa

Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketako antolatzaileak eta laguntzaileak, joan den urtean.

Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketak (UKL) 25 urte beteko ditu aurten. Normalki larunbat arratsean eginkatu dute Gaueko Lanak proba eta igande goizean Mendi Maratoi Erdia, baina aurten biak egun berean eginen dituzte, urriaren 10ean. 

Urriaren 10eko probetan izena emateko aukera zabalik

Aipatu bezala, aurten 25. edizioa beteko du Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketak eta bi probak egun berean eginen dituzte, urriaren 10ean. Larunbatean, 09:00etan hasiko da Maratoi Erdia, 21 kilometro luze eta 1.200 metroko desnibel positiboarekin. Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak antolatzen duen Nafarroako Koparako baliagarria izanen da. Larunbatean 19:30ean, berriz, Gaueko Lanak lasterketa abiatuko da, 11 kilometro luze eta 650 metroko desnibel positiboa izanen duena. Bi probetan ere parte har daiteke, 32 kilometroko proba konbinatuan, eta sailkapena egiteko bietako denborak kontuan hartuko dira.

UKL Txiki ere

Helduendako bi proben artean, UKL Txiki eginen dute, 17:00etan hasita. Haurrei zuzendutako lasterketa hau joan den urtean antolatu zuten lehen aldiz eta arrakasta polita izan zuen. Aurten ere hiru adinetan banatuko da. Sei urtetik beheitiko haurrak aterako dira lehenik, gero 6-9 urte bitartekoak eta, azkenik, 10 urtetik goitiko haurrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun