[ARGAZKIAK] 'Dardarika' jaialdi ederra ospatu dute Sarako lezean urriko lehen aste hondarrean

Ttipi-Ttapa

‘Dardarika’ jaialdi berezia ospatu dute Sarako Lezeetan urriko lehen asteburu honetan. Sarako Herriak eta Sarako Lezeek elkarrekin sortutako hitzordu berria izan da, «gure lurraldearen aberastasuna ospatzeko: natura, kultura eta elkarrekin izateko gogoa». Xede horrekin, ibilaldi gidatuak, bisita libreak, Zazpiak Bat dantza taldearen ‘Amalurraren ametsa’ ikuskizuna, erraldoiak, jokoak, ipuinak, kantaldiak, Neskena dantza taldearen ‘Badoa’ eta ‘Taupada’ ikuskizunak, txalaparta tailerra eta, dena borobiltzeko, ‘Leizearen ahotsa, erroen kantua’, Maddi Zubeldiaren sorkuntza, Amai Riouspeyrous eta Maider Cigarroarekin. Argazkiak: Sarako Lezeak

Sarako Herriko Etxeak eta Lezeek elkarrekin lehen aldiz sortutako hitzordu berriarekin biziki kontent gelditu dira

Sarako lezeetako arduradunak biziki kontent gelditu dira, «dena ongi pasatu da eta asteburu oso ederra izan da! Familiak etorri dira, lagunak ere bai, Iparraldekoak, Hegoaldekoak, denetarik, eta giroa ere oso ona izan da. Ekitaldiei buruz ere, denak kontent gelditu dira, artistak, publikoa eta gu ere bai!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun