Dantxarineko bentetan egin duten Pintxoaren 13. Astearen barrenean egindako Pintxo Lehiaketako irabazleak izendatu zituzten igandean. Joan den urtean bezala, hamahirugarren edizio honetako irabazlea ere Landibar-Peio Bentako Julen Zubieta sukaldaria izan da, HOGEITA-MAR pintxoarekin: Zamburiña errea xanpain eta ganba-krema gainean, whisky ukitua duen saltsa amerikarraren emultsioarekin eta barazki tenpurarekin. Bigarren saria Zaporeak Bentak eskuratu du, Iñaki Ariztia alkateak, Michel Niquet sukaldariak, Joxema Azpeitia eta Catherine Marchand kazetariek eta Txomin Iribarren, Dantxarineko Merkatari Elkarteko presidenteak osatutako epaimahaiaren arabera.
Bertzalde, Biok-Drunken Duck (Axular) bentak QR kodeen bitartez botoa eman duten bezeroen saria lortu du, Espinaka krepea, otarrainxka bexamel krematsuarekin pintxoarekin. Espinaka krepe fina, otarrainxka eta barazkiz egindako bexamel gozoz betea; arrain fumeta du oinarri, eta ukitu pikante arina.
Azkenik, 200 euroko txekea ere zozketatu zen, parte hartu duten bentetan gastatzeko, QR kodeen bitartez botoa eman zutenen artean. Hurrengo ediziorako nahitaezko bi osagaiak zein izanen diren ere erabaki zen: tomatea eta arraina.