Euskal Konfederazioak bilkura publikoa deitu du irailaren 18an Senperen

Ttipi-Ttapa

Ipar Euskal Herri osoan hamar bilkura publiko egiteko zikloa antolatu du Euskal Konfederazioak eta horietako bat Senperen eginen dute ortziralean.

2021eko inkesta soziolinguistikoaren emaitzek eta euskarak jasaten dituen erasoek kezkaturik, Euskal Konfederazioak egindako Norabide berriak gogoeta eta azaroaren 21ean Baionan euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko deitutako manifestaldi handia aurkezteko bilkura publikoa eginen dute irailaren 18an, ortziralean 18:30ean, Senpereko Sanoki Egiazki ostatuan. Bilkuraren ondotik, Tristtan Mourguy abeslariaren kontzertua eta pintxo-potea izanen dute.

Gogoeta eta manifestazio azaroaren 21ean Baionan

2021eko inkesta soziolinguistikoak utzi emaitzek kezkaturik eta Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontuaren inguruko negoziaketak blokeatuak zirela ikusirik, Euskal Konfederazioak gogoeta bat abiatu zuen 2024 urte bukaeran, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoetan pisu handiagoa izateko nola egin ikusteko.

Gogoeta horretatik Euskal Konfederazioa–Norabide berriak txostena atera zen, Euskal Konfederazioa osatzen duten kideek 2026ko urtarrilaren 24ko Ezohiko biltzar nagusian onartu zutena. Txostena onesteaz gain, aurtengo azaroaren 21ean, Baionan, euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko manifestaldia antolatzeko printzipioa ere aho batez bozkatu zen.

Gogoeta eta txostenaren berri emateko alde batetik, eta Euskararen garaia da–Notre choix l’euskara manifestaldia aurkezteko, bertzetik, Euskal Konfederazioak hamar bilkura publikoko zikloa antolatu du ipar Euskal Herri osoan zehar, irailaren 10etik 24ra.

Bilkura hauek denei irekiak dira, bai euskalgintzako elkarte, kultur elkarte, kirol elkarteei..., baita norbanako euskaltzale guziei ere, euskal hiztunak izan ala ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun