Kontrabandisten Eguna eginen dute igandean Saran

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 28a

Joan den urteko Sarako Kontrabandisten Lasterketako irteeran, parte hartzaile guziak elkarrekin.

Kontrabandisten Lasterketaren 63. edizioa eginen dute arratsaldean, baina egun osoan izanen dira ekitaldiak.

Sarako Herriko Etxeak, Sara Korrikak eta Olhain ikastolak antolatuta, igandean, abuztuaren 30ean eginen dute Sarako Kontrabandisten Eguna. Egun osorako ekitaldiak antolatu dituzte, baita, tartean Kontrabandisten 63. Lasterketa ere. Aurtengo gonbidatuak Etxalar eta Ezpeleta izanen dira.

Egun osorako egitarau zabala antolatu dute eta ekitaldiak bi lekuetan izanen dira.

Suharriaga parkea:
  • 09:30ean ekoizleen eta artisauen merkatua.
  • 09:30ean Bidexketan sei kilometroko ibilbidea. Olhain ikastolak antolaturik.
  • 10:00etan txalapartaren ezagutza.
  • 10:00etatik 12:00etara irakurketa xokoa Sarako Mediatekak animaturik.
  • 10:30ean trikitilarien eta txistularien kalejirak.
  • 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan Lizaietako joan-etorriak filmaren proiekzioa Gaztetxean.
  • 12:30ean Zikiro ogian, Gozatuz abesbatzak alaiturik Olhain ikastolak antolatuta.
Plaza:
  • 10:00etan Etxahun Lekueder eta Amets Arzallus bertsolariak.
  • 10:00etan eta 11:00etan pilota partidak plekan (10-12 urte) eta Bote Luze (Sara-Etxalar).
  • 11:30ean erraldoien eta batukadaren desfilea.
  • 16:00etan Ezpela gizon korua elizan.
  • 17:00etan Kontrabandista Ttiki lasterketa 2015 eta 2020 artean sortu haurrendako.
  • 18.00etan Kontrabandisten Lasterketa.
  • 19:00etan Itzaletik dantza ikusgarria.
  • 20:00etan Baratxuri Beltzak taldearen kontzertua.

Sarako Kontrabandisten 63. Lasterketa

Parte hartzaileek 8,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Sarako plazan hasi eta Zazpi Fagoko tontorra igo behar dute, berriz ere Sarako plazara ailegatzeko. Lasterketaren berezitasuna da korrikalariak galtza luze beltzekin eta tixerta edo ator xuriarekin janzten direla. Lehen 1.500 metroetan, gizonek 8 kiloko eta emakumeek 4 kiloko zakua bizkarrean harturik egiten dutela. Berako bidegurutzean zakua utzi, eta itzulerako bidean berriz hartzen dute.

Sarako lezeetan lekukotasunak, topaketa ibilaldi komentatua

Kontrabandisten Egunaren karietara, hitzordua izanen dute Sarako Lezeetan ere abuztuaren 29an: kontrabandistei buruzko lekukotasunak eta topaketa 18:00etatik goiti, eta 20:30ean hiru kilometroko ibilaldi komentatua Xaretako bidexketan, Xanti Elizagoien etxalartarrarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun