Burdinaren Eguna abuztuaren 8an ospatuko dute Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 6a

Ohiko ekitaldiez gain, zenbait berrikuntza ere izanen dira igande honetan ospatuko den Urdazubiko Burdinaren Egunean.

Aurten, berritasun gisa, duela 2.500 urte burdina nola ekoizten zen erakutsiko du Thomas Minkek

Ohikoa denez, abuztuko bigarren larunbatean, Burdinaren eguna ospatuko dute Urdazubin. Aurtengoak hemezortzigarren edizioa beteko du. XVI-XIX. mendeen artean Urdazubiko monasterioak izan zuen garrantzia azpimarratuz, antzinako garaietan egiten zen gisan, Bizkaitik ekarritako burdina fraideek erosten dute. Aurten, berrikuntza gisa, duela 2.500 urte burdina nola ekoizten zen zuzenean ikusteko aukera izanen da, 1.300 graduko tenperaturan jarduten duen labe galiar-erromatar baten erakustaldiari esker.

Abuztuaren 8an, larunbatean 10:00etan, artisautza azoka eta haurrendako jokoak izanen dituzte, puzgarriak eta txalupak barne. Goizean, Brun Anaien eskutik, forja erakusketa. 11:50ean burdin mineralez kargatuta datozen idi gurdiak ailegatuko dira. Burdina urrezko txanponen truke erosteko ekitaldia antzeztuko dute. Berrikuntza gisa, 13:00etan burdina lortzeko erakustaldia eginen dute, duela 2.500 urte egiten zen bezala. Hain zuzen, Thomas Minkek, antzinarotik XVIII. Mendera arte erabilitako zuzeneko erredukziozko labe baten bidez burdina nola ekoizten zen erakustiko du. 14:30ean herri bazkaria, zikiro jatea. 17:00etan kontzertuak izanen dira Los Gavilanes mariatxi taldearekin eta 18:00etan musika eta dantza frontoian, Jean Louis Bergara akordeoilariarekin. 

Horrez gain, egun osoan animazioak eta musika izanen dira, eta Monasterioa, Museoa, lezeak eta bertze hainbat gune bisitatzeko aukera izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun