Sarak euskara ofizialki herriko hizkuntza izendatzeko deliberoa gibelera bota du Prefeturak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 27a

Sarako herriko etxeak uztailaren 2an hartutako deliberoa ez du onartu Pirinio Atlantikoetako Prefeturak.

Sarako herriko kontseiluak euskarari herriko hizkuntza izendapena aitortu zion ofizialki uztailaren 2an, baina Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ez du onartu. Aldiz, Baionako Herriko Etxeak ere hizkuntzari estatus hori ematen dion neurria onartu du; beraz, ikusteke dago aitzin edo gibel egiten duen. 

Sarako hautetsiek uztailaren 2an landu zuten gaia herriko kontseiluan; eta aldeko 22 boz jaso zituen, hau da, %100. Erabakian dioenez, Sarako Herriko Etxea «kezkatua» da euskararen geroagatik, eta haren garapenak «ekintza azkarra behar du tokiko mailan ere». Halaber, oroitarazten du frantziar Konstituzioaren 75-1 legeak zera biltzen duela: «Eskualdeetako hizkuntzak Frantziaren ondarearen parte dira». Bertzetik, aipatzen du Euskal Hirigune Elkargoak jada 2018ko ekainaren 23an «euskara eta gaskoia ofizialki lurraldeko hizkuntzatzat» onartu zituela, «frantsesarekin batera».

Alta, ez du anitz iraun euskararen aitorpen ofizialak, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ez baitu onartu erabakia; eta, Sarak Konstituzioko artikulu batekin justifikatu zuen gisara, estatu ordezkaritzak legedi bereko bigarrenarekin arrazoitu du, «Errepublikako hizkuntza frantsesa» dela dioena. Orain, Sarako herriko kontseiluak aztertu egin beharko du bertze delibero bat aurkeztu edo ez.

 

Bertze bederatzi herriko etxeren zain

Bi herriko etxe horiek onarturiko deliberoa Euskal Konfederazioak martxoko herriko bozen atarian plazaturiko euskararen barometroan bildutako eskakizunetako bat da. Hainbat zerrendak hartu zuten engaiamendua, eta horietatik tokiko erakundea gobernatzera heldu zirenak kontuan hartuz gero, honako bertze bederatzi herriko etxek onartu behar lukete euskararen aitortzaren aldeko deliberoa agintaldi honetan: Arrosa, Baigorri, Baiona, Biarritz, Donapaleu, Donibane Lohizune, Hiriburu, Itsasu, Senpere, Urruña eta Uztaritze. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun