Josenea enpresaren 25. urteurrena langile eta lagun artean ospatu zuten Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 6a

Ekaina urteurrenez beteta etorri da Dantxarinera. Ekainaren 8an Venta Peiok bere 30. urteurrena ospatu zuen eta, ondotik, ekainaren 29an, Josenearen 25. urteurrena ospatu dute. Argazkiak: Beñat Revuelta

25. urteurrena ospatzeko, egun borobila prestatu zuten goiz goizetik hasita

Lehenik, gosari eder batekin hasi eta langileak jokoetan ibili ziren. Taldeka banatu eta enpresari buruzko galderei erantzun behar izan zieten taldeek. Goiz erdi aldera hasi ziren ailegatzen gonbidatuak eta orduantxe eman zieten hasiera ekitaldiei. Ez zen deus falta izan, bertsoak, kirola, kantuak eta emozioa, denetarik. Eguerdian Eneko Saralegi, Iker Vicente eta Estefi Etxebesteren erakustaldiak izan ziren. Horren segidan etorri zen lehen sorpresa Txomin Iribarren nagusiarentzat. Orain dituzten kamioien ondoan emateko, bere lehen kamioiaren erreplika bat ekarri zuten. Horretaz gain, zenbait auto klasiko ere ekarri zituzten. Behin ibilgailu guztiak bere lekuan utzirik, Eneko Saralegik aizkora erakustaldi bikaina egin zuen alturan.

Kirol erakustaldiak bukaturik, familiak eta lagunek aurreskua dantzatu eta Aitor Mendiluzek urte anitzeko lanari bertso ederra bota zion. Segidan Golden Apple Quartet taldeak menua kantatu zuen eta bazkaria Chuchin Ibañez mexikarrak alaitu zuen hainbat kanturekin. Beñat Mitxelena akordeoilaria ere bertan egon zen ospakizuna alaitzen.

Emozioz beteriko opariekin segitu zuen egunak: Malagatik etorritako Lupe Arevalok egurrean eginiko kamioi zisterna bat oparitu zuen; Txomin Iribarrenek ere egurrezko oroigarria izan zuen eta baita berekin hasieratik egon den Jesus Berrozpek ere. Hauez gain, Josenea enpresan hasieratik lanean dagoen Patxi Bikondo langileari ere oparia eman zioten, bere lan guztia eskertzeko.

Azkenik, aipatzekoa da enpresa daraman familiak diskurtso batzuk egin zituela enpresaren segida eskertuz, baita «orain gure artean ez daudenak ere» gogoratuz, «Pantxo Iribarren eta Txapu laguna, erraterako». Azkenik, enpresaren ibilbidea zein izan den ikusteko, Angel Mariezkurrenak prestatutako bideo polit bat ikusi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun