Hogei urtez kultur ekitaldiak hartu ondotik, larunbateko jaialdi bereziarekin itxiko dute Senpereko Larraldea

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 25a

Hogei urtez hainbat kultur ekitaldi hartu ditu Larraldea baserriak. Argazkian, joan den urteko otsaileko bertso eta musika saioa.

Senpereko Amotze auzoko Larraldea baserria euskal kulturari babesa ematen dion gune nagusia izan da hogei urtez. Ekainaren 27an, larunbatean, jaialdi berezia antolatu dute eta hogei urte baino gehiagoko ibilbidearen ondotik, ekitaldi honen bidez, ixtea erabaki dute.

Sarajevoko Mladen Strbac eta Emir Osmić artistek margotutako ‘Baina zerk eramaten gaitu Gernikak egitera? triptiko handia aurkeztuko dute eta musika izanen da

Larunbatean, 19:00etan hasita, Bosnia-Herzegovinako Sarajevoko Mladen Strbac eta Emir Osmić artistek, bi astez Larraldean bertan egindako egoitzaren bitartez, lau eskuz egindako ‘Baina zerk eraman gaitu Gernikak egitera?’ triptikoa, formatu handiko mihisea, aurkeztuko dute.

Ondotik, Andoni Iturriozen eta Fabrice Dang Van Nhanen kontzertua izanen dute, ‘Hondakinen erregea’ aurkezten. Bukatzeko, Dou’o kontzertua, Adriatiko musikako bikote bat, Olya Olgica Susac eta Fabrice Dang Van Nhan elkartzen dituena.

«Baina zerk eramaten gaitu Gernikak egitera?»

Andoni Iturrioz, Larraldea baserriko jabeak aipatu digunez, «Emirrek eta Mladenek Sarajevoko haurtzaroa kontatzen didate. Aurrez aurre borrokatu ziren haien aitak, suntsitutako familiak, abandonatutako eta bonbardatutako hiria, sotoetan egindako jolasak, lur azpian ezkutatutako haurtzaroa, eta gerraren oihartzunaren pean sakrifikaturiko nerabezaro baten mozkorraldia eta gehiegikeriak. Margolari izan nahi zuten. Mladen Strbac Sarajevoko serbiarra da; Emir Osmić, Sarajevoko bosniarra. Anaia bezala hazi ziren. Nerabezaroan, turistentzako koadroak katean margotzen zituzten Arte Ederretako ikasketak ordaintzeko, eta biak Emirren amaren apartamentu txikian bizi ziren. Hura zen gerra ondoren egonkor mantentzen zen gauza bakarra.

Mladen Strbac (Sarajevo, 1986) artista platikoa eta grabatu eta litografia irakaslea da Angerseko Arte Ederren Eskolan.

Anaia ziren, eta margolari izan nahi zuten. Muezinak otoitza oihukatzen du hiriaren gaineko egunsentian, eta Mladenek eta Emirrek beren haurtzaroa kontatzen didate. Hirurok elkartu gara Sarajevoko Collegium Artisticum-en egingo duten erakusketa handirako. Aitortza! Haurtzaroko ametsa: Bosnia-Herzegovinako arte garaikideko erakunderik handienean erakusketa bateratu bat egitea. Haur serbiarra eta haur bosniarra, eskutik helduta, beren aitak elkar hil ziren hiri berak aitortuak. Kultur ministroa etorri da, telebista nazionalak etorri dira, lagunak eta publikoa etorri dira. Haien ametsa benetakoa da, eta denon begien aurrean dago. Gaztaroan, Emirrek eta Mladenek lau eskuz margotzen zituzten koadroak: bakoitzak mihisearen zati batean, elkarri erantzunez, eta baita batak bestearen gainean ere, erabateko batasunean. Koadro horiek erakusketaren bihotzean daude, bakoitzaren lanen iturri komun gisa. Eguzkia Sarajevoren gainean goratzen da. Kontatzen didate garai hartan hiri osoan zehar mugitzen zirela tamaina handiko koadroekin. Harriturik, oinezkoek maisulan erraldoiak ikusten zituzten espaloiak zeharkatzen. Eta barre artean, Emirrek Mladeni esan zion: « aina zerk eramaten gaitu Gernikak egitera?» Formatuen handitasunaz ari zen, baina esaldiak kolpatu ninduen. Bai, izan ere, zerk eramaten gaitu gu, gizateria osoa, Gernikak egitera? Sarraskiak, baina baita maisulanak ere...

Emir Osmić (Mostar, 1985) artista plastikoa Sarajevon bizi da eta bertan lan egiten du.

Baina zerk eramaten gaitu Gernikak egitera? Horrela sortu zen proiektu hau: formatu handiko mihise bat, aldi berean Gernikako euskaldunei eta Picassoren maisulanari omenaldi egiteko, gerra anaia hiltzaile batek suntsitutako bi herritatik datozen bi artista anaiek sortua. Lau eskuz egindako koadro bat, haurtzaroan bezala, serbiar baten eta bosniar baten eskutik, euskal herriari egindako opari gisa:« Baina zerk eramaten gaitu Gernikak egitera?»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun