Sasoin ederra
Ederra izan da Sarako Izarra errugbi taldeak egin duen sasoina. Akitania Berriko hirugarren mailako laugarren multzoko buru izan zen lehenik, 18 partidetatik 16 irabazita. Gero, Uztaritzen jokatutako terroir edo multzoko finala galdu zuen Zibururen kontra, baina halere, Akitania Berriko txapelketako multzo buruen arteko azken fasean, finalerdian Parentis Sport Rugby taldeari 28-14 irabazi zion apirilaren 19an Landetako Leonen eta finala 24-12, hain zuzen, SA St Maixentais taldeari apirileko azken igandean Okzitaniako Sainte-Foy-La Granden.
Gero, Frantziako txapelketako final hogeita hamabirenetan abiatu zen eta Orthezen 14-18 irabazi zion Aureilhan taldeari; final hamaseirenetan 48-3 irabazi zion AS Penne St Sylvestre taldeari Landetako Saint Pierre de Monten; final zortzirenetan, 23-14 irabazi zioten basurdeek Zibururi, Arrangoitzen jokatutako euskal derbian; final laurdenetan, Rugby Club Pomarez-Amou doi-doi kanporatu zuen Sarako taldeak Landetako Lit-et Mixen (24-22) eta, aipatu bezala, Girondako finalerdian bukatu zuen sasoia igandean, SA St Maixentais taldearen kontra 8-13 galduta.