Kote Agerre Indaburu Zugarramurdiko pilotaria omenduko du Pilotarien Batzarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 11

Kote Agerre Indaburu Zugarramurdiko pilotaria, pala motzean jokatzen.

Ekainaren 14an Pilotarien Batzarrak ospatuko duen XXXVIII. edizioan, bertzeak bertze, Zugarramurdiko Kote Agerre Indaburu (1957) pilotaria omenduko du Tafallan. Urtero Pilotarien Batzarrak lurralde batean antolatzen du besta hau (Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Errioxa, Katalunia eta Iparraldea). Aurten Tafallan pilotari eta pilotazale anitz bilduko dira. Gure inguruan Pilotarien Batzarraren besta egun hau ospatu da Lesakan (1995), Leitzan (2000) eta Elizondon (2005).

Kote Agerre Indaburu (Zugarramurdi, 1957)

Zugarramurdiko pilota plazan eta Elizondoko futbol zelaian aritu ondotik, 25 urterekin Lapurdira joan zen Agerre. Biarritz Atletic Cluben aritu zen pilotan (paleta, pala motza eta pala). Paletan 1985-1986ko Ipar Euskal Herriko txapelketak irabazi zituen. Pala motzean 1985, 1986, 1989, 1990 eta 1991n Frantziako Txapelketen finalak jokatu zituen. 1986 eta 1990ean Gasteizko eta Kubako Munduko Pilota Txapelketetan parte hartu zuen, brontzezko eta zilarrezko dominak lortuz. 1992an Bartzelonako Joko Olinpikoetan parte hartu zuen, beti pala motzean. Bertze zenbait torneo ere jokatu zituen, Palentzia, Villa de Bilbao, Ordizia, GRAVNI…

Igandeko egitaraua Tafallan

  • 11:00etan alkatearen harrera udaletxean.
  • 11:30ean Pilotarien Batzarraren biltzarra Centro Cultural Tafalla Kulturgunean.
  • 12:00etan Meza Eskolapioen elizan.
  • 12:45ean pilota partida Ereta pilotalekuan.  Jarraian, kalejira Aldamara gaiteroekin.
  • 14:30ean bazkaria Olivar Jatetxean.
  • 17:00etan diplomen ohiko banaketa omenduei.
  • 18:00etan 2026ko bilkura amaiera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun