Unax Aizpurua Ibargarai saratarrak irabazi du Gazte Xilabako finala

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 8a

Gazte Xilabako finalistak igandean Itsasun.

Atzo, igandea, jokatu zuten Gazte Xilabako edo Ipar Euskal Herriko Eskolarteko finala. Sei bertsolari aritu ziren kantari, eta saratarrarentzat izan zen txapela. Gisa honetara, erabakia gelditu da larunbatean Arantzan eginen den Euskal Herriko Eskolartekoan ariko diren bertsolariak nor izanen diren. 

Azken urteetan bezala, Itsasuko Sanoki gelan egin zuten Gazte Xilabako finala. Sei bertsolari aritu ziren kantari, eta haien bertsoez gozatzera, jende kopuru polita bildu zen. 

Saio ederra egin zuten sei bertsolariek eta lau ariketak osatu ondotik eman zuten Ramuntxo Christy, Maialen Berra eta Zuhaitz Olazabalen epaia. Hala, Unax Aizpurua Ibargarai saratarra da txapeldun berria. Nahia Echeverry Lopepe izan zen bigarrena, puntuazioan lehenarekin berdindua. Johane Larre Salaberri, Amaiur Aizpuru Eskisabel, Leina Alkhat Larrandaburu eta Gana Berhokoirigoin Zubeldia sailkatu ziren hurrenez hurren haien gibeletik.

Txapeldunak baxoa euskaraz egiteko aldarria egin zuen agurreko bertsoan: 

Sanokira sartu eta zer lasaitasun zer bake
gibeleko denei biba zer disdira ta zer arte
Baxoa euskaraz nahi dugu ta bere kalteak kalte
hortako elkartuak gira sortuaz hainbeste kate
zatoz nahi baduzu izan kate luze honen parte
guztiek mobilizatzen segiko dugu jo ta ke
ta ez gaitu inork geldituko nahi duguna lortu arte.

Euskal Herriko Eskolartekoa larunbatean Arantzan

Larunbat honetan, ekainaren 13an, Euskal Herriko Eskolarteko finala Arantzan izanen da. Herrialdeetako final guztiak bukatuta, hauek ariko dira bertsotan: Arabatik Maia Ortiz de Zarate eta June Astegieta; Baxenabarretik Nahia Etxeberri eta Gana Berhokoirigoin; Bizkaitik Iradi Barrenetxea eta Jon Abasolo; Gipuzkoatik Adei Urbitarte eta Kattalin Arabolaza; Lapurditik Unax Aizpurua saratarra eta Johane Larre; Nafarroatik Kattin Madariaga aranztarra eta Kattalin Lizarraga leitzarra; eta Zuberoatik Leina Alkhat.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun