Nafarroako Itzuliko etapa nagusiko helmuga izan zen Urdazubi larunbatean

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 2a

BBK-Euskadi taldeko Marco Martin Cuevas nagusi izan zen Urdazubiko helmugan, ihesaldian lagun izan zituen Aimar Tadeo liderraren eta Adriá Regadaren aitzinetik. Argazkia: Juan Mari Ondikol

BBK-Euskadi taldeko Marco Martin Cuevas nagusitu zen Erratzu eta Urdazubi arteko 148 kilometroko ibilbidean

Nafarroao 63. Txirrindularitza Itzuliko hirugarren eta azken aurreko etapa egin zuten larunbatean Erratzu eta Urdazubi artean. 23 urtez beheitiko BBK-Euskadi taldeko Marco Martin Cuevas nagusitu zen Urdazubiko helmugan, euripean, 148,1 kilometroko ibilbidearen ondotik. Gainera, Cortizo taldeko Aimar Tadeo lakuntzarra bigarren izan zen eta sailkapen orokorreko liderraren maillot gorria sendotu zuen. Igandeko etaparen ondotik, Nafarroako Itzulia irabazi zuen Tadeok.

Txirrindulariek Erratzun hasi zuten larunbateko lasterketa eta oso-osorik eskualdean egin zuten Nafarroako Itzuliko etapa nagusia. Elizondo, Irurita eta Arraiozen barna pasatu ondotik, Oronoz-Mugairin izan zuten lehen tarteko helmugan Eulen Amenabar taldeko Lohann Vulliez nagusitu zen. Doneztebe, Elgorriaga eta Iturenen sei txirrindulari ziren tropelaren aitzinetik, baina hamabi segundoko aldea baino gehiago ez zuten lortu. Saldiasko gainean Caja Rural-Aleako Adriá Regada izan zen lehenbizikoa, Cortizo taldeko Aimar Tadeo liderraren eta Finisher taldeko Emilio Garciaren aitzinetik.

Urdazubiko etapa irabazi zuen Marco Martin Cuevas, Iñaki Ariztia Urdazubiko alkatearekin. Argazkia: Ondikol

Saldiastik Doneztebera jautsi eta berriz ere Baztan aldera jo zuten txirrindulariek, etapako lau kaxko nagusiak esperoan baitzituzten: Otsondo, Eskisaroi, Bagordi eta Orabidea. Hamasei lagunetatik seira murriztu zen ihesaldia Otsondoren ondotik eta Eskisaroi igan eta gero, helmugara ailegatzeko 32 kilometro falta zirela, Gomur Cantabria taldeko Sergio Gutierrez zen aitzinetik. Baina lehen mailako Bagordira igaten ari zirela, Gutierrez harrapatu eta gerora Urdazubira aitzinetik ailegatu zen hirukotea, Aimar Tadeo liderra, Adriá Regada eta Marco Martin Cuevas, jarri zen aitzinetik. Horien artean, BBK-Euskadi taldeko Martin Cuevas ibili zen bizien Urdazubin garaipena eskuratzeko.

Urdazubiko podiumean, etapako irabazlea, eta sailkapen orokorreko, mendiko eta tarteko helmugetako liderrak, antolatzailea eta Urdazubiko ordezkariekin batera. Argazkia: Ondikol

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun